Lezamako Txakolinaren Eguna bertan behera

a: 2017ko edizioaren irudia 2021ko ira. 13a, 09:01

Txakolinaren Egunaren 19a. edizioa urriaren 3an ospatzekoa zen Lezaman, baina hango udalak jakinarazi duenez, “udalak eta ekoizleek erabaki dugu hura bertan behera uztea, COVID-19ari aurre egiteko ezarritako neurriak direla eta”. Txakolinaren Egunera zuzenduta zegoen diru-partida erabiliko da hemendik urte amaierara arte herrian hainbat ekintza egiteko.

Lezamako Txakolinaren Eguna ekainean ospatu ohi da, baina udalak eta ekoizleek erabaki zuten aurtengo edizioa urrira atzeratzea; hala ere, datorren hilean ere ez da egingo. “Atzeratzeko erabakia hartu genuenean, espero genuen osasun-egoera hobeto egotea. Baina gaur egungo segurtasun-neurriak kontuan izanda, aurtengo edizioa bertan behera uzteko erabakia hartu dugu. Izan ere, esandako neurriek debekatzen dituzte jende-pilaketak eta kalean kontsumitzea; eta hortaz, kalean txakolina dastatzea”, adierazi du Jon Ander Aurrekoetxea alkateak.

Arduratsuak izateko deia egin die Aurrekoetxeak herritarrei, eta itxaropentsu azaldu da datorren urteari begira. “Txakolinaren Eguna oso ekintza berezia da lezamar guztiontzat eta asko tristatzen gaitu hura ospatu ezin izateak. Hala ere, pandemian gaudela, osasun publikoa lehentasuntzat jo behar dugu. Espero dezagun 2022an normaltasun osoz gure txakolin apartez gozatu ahal izatea, eta Txakolinaren Egunean Lezaman sortzen den giro ezin hobeaz”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).