Lezamako Eskualde Txapelketa barikuan hasiko da

Aikor aldizkaria 2021ko urr. 27a, 12:57

Lezamako Pilota Klubak 62. aldiz antolatu du Eskualde Txapelketa herrian eta hura barikuan hasiko da. Antolatzaileek omenaldia egingo diote Juan Mari Dañobetiari, abuztuan hil zen klubeko kideari, eta, hemendik aurrera, txapelketak “Juan Mari Dañobeitiaren oroimenez” izango du izena. “Juan Marik gogor egiten zuen lan Eskualde Txapelketa antolatzeko eta omenaldia merezi du, bai horixe!”, esan digu Ander Kastresana antolatzaileetako batek. Finalak 2022ko otsailaren 18an jokatuko dira.

Guztira, 32 bikotek hartuko parte lehian: 16k, zaletu mailan; eta beste 16k, lehenengo mailan. Pilotariak euskaldunak zein errioxarrak izango dira. Gainera bost txorierritarrek hartuko dute parte bertan: Aimar Busquet, Iñigo Aurtenetxe eta Oier Hormaetxe lezamarrek; Edorta Bilbao zamudioztarrak; eta Adrian Uriarte sondikoztarrak. Uriartek kadete mailan jokatzen du eta txapelketaren pilotaririk gazteena ere bada. “Etorkizun handiko pilotariak izango ditugu: besteak beste, Ekhi Irribarria eta Beñat Zubizarreta (Iker Irribarria eta Iraitz Zubizarreta profesionalen anaiak, hurrenez hurren), Aimar Morgaetxebarria eta gure Oier Hormaetxe. Gainera, Beñat Garmendia profesional ohiak ere jokatuko du herriko frontoian, baita Gaskuek ere. Horrek laster egingo du debuta profesional mailan”.

Partidak barikuro jokatuko dira Lezamako pilotalekuan, 19:30etik aurrera. Aste honetan, zaletu mailan, Irribarria (Lazkao) eta Eskuza (Areta) lehian sartuko dira Etxeita eta Erkiaga Zeanuriko bikotearen kontra; eta lehenengo mailan, Alberdi eta Iztueta tolosarrak, Fernandezen (San Cosme) eta Apezetxearen (Goizueta) aurka.