“Mikel Zarate” Haur Literatura Saria

Aikor aldizkaria 2022ko mar. 7a, 11:22

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak “Mikel Zarate” Haur Literatura Saria antolatu dute 12. aldiz. Sariaren helburua da umeentzako irakurgai berriak sortzea eta idazleen lana bultzatzea. Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (6-12 urte) euskaraz sortutako kontakizunak aurkeztu daitezke, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Parte-hartzaileek gutxienez 18 urte izan beharko dituzte. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik.

Gutxienez 10 orrialde eta gehienez 50 orrialde idatzi beharko dira, makinako moldez, DIN-A4 formatuan eta tarte bikoitza utzita. Hiru ale bidali beharko dira gutunazal baten barruan. Kanpoaldean idazlanaren izenburua idatziko da, eta gutunazal horren barruan beste gutunazal itxi bat sartu beharko da, eta bertan egilearen izen-abizenak, helbidea eta telefonoa adierazi eta nortasun-agiriaren fotokopia sartu. Lanak helbide honetara bidali beharko dira: Lezamako Udala – Mikel Zarate Saria, Aretxalde 1, 48196 Lezama.

Epaimahaia osatuko dute Leire Bilbao, Xabier Mendiguren eta Maribel Aiertza idazleek eta euren erabakia ekainaren 30erako hartuko dute. Sari bakarra emango da, 3.000 eurokoa, eta epaimahaiaren iritziz gutxieneko kalitateko lanik ez balego, ez litzateke saririk emango. Eleberri edo ipuin saritua Elkar argitaletxeak argitaratuko du saria jakinarazi eta handik sei hilabetera, marrazkiz hornituta. Lanaren jabea idazlea izango da eta egile-eskubideak ordainduko dizkiote.

Argitaletxea saria irabazi ez duten egileekin jarri ahalko da harremanetan; osterantzean, Datu Pertsonalen Babeserako Legeak diona beteko da, eta baztertutako idazlanen kopiak suntsitu. Argibide gehiagorako: liburutegia@lezama.org edo 944 556 126 (Lezamako Udala) eta liburuak@elkar.eus edo 943 310 257 (Elkar argitaletxea).    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).