Sutea Lezaman

Aikor aldizkaria 2022ko mar. 22a, 11:58

Gaur goizean, sute txikia izan da Lezamaren eta Zamudioren arteko mugan, Matsa landetxearen inguruan. Ez da zauririk egon eta suhiltzaileek azkar lortu dute sutea itzaltzea. Jon Andoni Aurrekoetxea Lezamako alkateak azaldu duenez, hipotesia da haizea dela-eta zuhaitzen batek tentsio-kablearen kontra jo duela eta, ondorioz, txinparta sortu eta sua hasi dela. Udal-brigada hara joan eta suhiltzaileei deitu diete.

Bestalde, inguru horretan zebilen lekuko baten arabera, goizeko 7,30ak inguruan txinparta bat ikusi du goi-tentsioko dorrean, hiru danbada entzun, eta sute txiki bat hasi da. Berak ere suhiltzaileei deitu die eta horiek lortu dute sua amatatzea.

Haizea dela-eta abisu horian gaude. Haizea hainbat arazo sortzen dabil gure eskualdean. Esate baterako, Egoitz Lopez Zamudioko alkateak azaldu moduan, Iberdrolako poste batzuk bota ditu Ianga baserriaren inguruan. Bestalde, suhiltzaileek jakinarazi dutenez, hainbat esku-hartze egiten dabiltza. Horrela, bada, eta beste esku-hartze batzuen artean, eroritako zuhaitza kendu behar izan dute Loiun, eta Zamudion, Guzurraretxan hain zuzen ere, eraikin batetik eroritako teilak. Derion ere, haizeak Bestorreneko eraikin bateko teilak altxatu, eta lurrera bota ditu. Gainera, teilatuan solte zeudenak erortzeko arriskua zegoela ikusi dute, eta haiek ere kendu dituzte.   

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).