Pagoluzeta zirkuitua prest dago, XCO lasterketarako

Aikor aldizkaria 2022ko maiatzaren 6a

Domekan, Txirrindulari Kirol Elkarteak (Zorribike) XCO lasterketa antolatuko du hirugarren aldiz Lezaman. Zirkuitua Viveron dago, Guardetxea aldean, herrigunetik hiru kilometrotara. Hauek dira ezaugarriak: 4,5 kilometro luze eta 248 metro desnibel. Guztira, 250 lagunek hartuko dute parte lasterketan.   

Anoa-postu bi egongo dira ibilbidean: bata, helmugaren alboan jarriko dute; bestea, aldapan gora, 250 metrotara, bulego iraunkorraren inguruan. Taldeen paddock-ak lehenengo aparkalekuan (tiro-eremuan) eta bigarrenean jarriko dira; hirugarrena karabanek eta publikoak erabili ahal izango dute. Antolatzaileek esan dute maiatzaren 8an Viveroko errepidea moztuta egongo dela bigarren aparkalekutik laugarrenera, 7:00etatik 16:00etara. Gainera, zonalde horretan ezin izango da autorik aparkatu.

Lasterketa Euskal Herriko XCO egutegiaren barruan dago; Txorierriz gainera, bederatzi herritan egiten dira lasterketak: Erandion, Bilbon, Balmasedan, Gorlizen, Amurrion… Lezamako saioa hiru txandatan egingo da. Lehenengoan, 9:15ean, kadete eta master 40, 50 eta 60 kategoriak abiatuko dira; bigarrenean, 10:45ean, master 30, gazte eta emakumezkoen elite eta gazte kategoriak; eta hirugarrenean, 12:45ean, elite eta 23 urte azpiko kategoriak.

 

Informazio gehiago:

zorribike@zorribike.com

https://greenseriesxco.com/