Bi urteko etenaldiaren ondoren, Lezamak Txakolinaren Eguna ospatuko du domekan

Aikor aldizkaria 2022ko mai. 31a, 14:05

Lezamako Udalak Txakolinaren Eguna antolatu du domekarako, ekainak 5. Herriko ekitaldi garrantzitsuenetakoa dela, Txakolinaren Eguna 19. aldiz egingo da eta protagonista bertako upeltegien ardoa izango da: Basalbeiti, Erdikoetxe, Garkalde eta Magalarte. “Bi urte zail izan dira, eta egoera sanitarioak ez digu utzi lezamarrontzat hain berezia den egun hau ospatzen. Beste behin ere, Lezamako upeltegietako ardo ederraz gozatzeko aukera izango dute bisitariek, baita eskualdeko beste produktu gastronomiko asko dastatzeko ere”, esan du Jon Ander Aurrekoetxea alkateak.  

Txakolinaren Eguna Hilario Astorki plazan egingo da 11:00etatik 15:00etara. Bizkaiko Txakolinaren 2021eko uzta dastatzeaz gainera, hainbat kultur emanaldi egongo dira. Aurkezle Pedro Mari Goikoetxea kazetaria ibiliko da. Kurutze dantza taldeko haurrek dantzen agerraldia egingo dute Euskaldun Berria plazan, eta 13:00etan azoka ofizialki hasiko da, uzta berriari kortxoa kenduko zaio eta topa egingo da. Gainera, Asier Dañobeitia sommelierra izango da bertan, eta azokako ardoak dastatu ondoren azalduko ditu haien ezaugarriak. Antolatzaileek Jose Angel Iribar Athletic Clubeko atezain ohia izendatuko dute Lezamako Txakolinaren enbaxadore aurten. Ondoren, emanaldia egingo du Ekidazu abesbatzak.

Bestalde, umeentzako tailerrak izango dira goizean, eta Jon Enbeitaren eta Ireneo Ajuriaren bertso-saioa. Egunari amaiera emateko, erromeria egongo da 14:30etik 17:00etara Joxe Mendizabalen eskutik.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).