Asier del Riok bere lehenengo txapela profesional mailan irabaz dezake bihar

Aikor aldizkaria 2022ko eka. 10a, 10:14

Bihar, ekainaren 10ean, Nazioarteko Bizkaia Open Torneoaren finala jokatuko da Bilbon. Txapelketa Innpala enpresak antolatu du eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestu. Asier del Rio pilotari lezamarra Esteban Gaubekarekin arituko da eta Ibai Perez eta Beñat Ibarguren izango dituzte arerio. Lezamarrak ez du inoiz txapela profesional mailan irabazi. Finala ETB1 kateak eskainiko du zuzenean, 16:00etan.

Asier del Riok iaz jokatu zuen lehendabizi final bat profesional mailan, baina Fusto bikotekide zuela porrot egin zuen. Aurten lasaiago dabil. “Iaz, urduri atera nintzen kantxara: Fustorekin jokatu nuen eta gainera noren eta Gaubekaren kontra. Horrek irabazteko presioa eman zidan. Aurten, aldiz, askoz lasaiago nabil”, adierazi du Deia egunkarian. Ibai Perez arerio gogorra izango da, “akats gutxi” egiten duelako. Dena dela, Gaubeka, “eskarmentu handiko pilotaria”, izango du alboan eta horrek animatzen du. “Estebanek kantxan ondo pasatzeko esaten dit; batzuetan errieta egiten dit, baina eskertzen diot”.   

Sei bikotek hartuko dute parte txapelketan eta hamar partidatako ligaxka jokatu dute  elkarren kontra. Lehia apirilaren 2an hasi zen Bilbon, eta harrezkero, pilotariek zenbait herritan jardun dute: Larrabetzun, Plentzian, Sopelan, Armintzan eta Zierbenan. Jaialdia biribiltzeko, hirugarren postuan gelditzeko partida ere jokatuko da: Fusto eta Ruiz, Maldonado eta Gordonen kontra.