Zabortegiaren kontrako aldarrikapen-ekitaldia egingo da domekan Lezaman

Aikor aldizkaria 2022ko eka. 15a, 11:10

Herriko hainbat elkartek eta eragilek deituta, domekan, ekainak 19, ekintza egingo da Eguskitza errekaren inguruan. Izan ere, enpresa-sustatzaile batek gune horretan zabortegia egiteko interesa adierazi zuen iaz, eta URA Uraren Euskal Agentziari proiektuaren bideragarritasunari buruz galdetuta, azken horrek erantzun du “Uraren Araudia betetzen duela”. Ekintzaren bidez, proiektua salatuko dute antolatzaileek, eta Eguskitza errekaren alde egin.

Ekintza guztiz zehaztuta ez dagoen arren, antolatzaileek aurreratu dute 10:00etan plazan batuko direla eta handik Eguskitza errekaraino oinez abiatuko direla; nolanahi ere, hara nor bere kabuz joateko aukera dago. Goizeko 10,30etik 12:00etara erreka eta bere ingurua bisitatuko dute, eta azalpenak emango dituzte egitasmoaren gainean. Ondoren, ekimen sinbolikoa egingo dute eta idazki komun bat sinatuko dute zabortegiaren aurka eta Eguskitza errekaren alde; esandakoaren arabera, idazkia da iaz EAJk eta EH Bilduk egindako adierazpen instituzionala. Jarraian erromeriatxoa egongo da, kopaua eta trikiti-soinua.  

Promociones Zubiarraun enpresak aurkeztutako txostenean jaso den moduan, azpiegiturak 368.549 metro koadro hartu, eta hauek izango lituzke: hondakinak baliarazteko instalazioa, lurren bankua, bideak eta zerbitzu-instalazioak, lixibatuak tratatzeko gunea, zabortegia, ingurumen-interpretaziorako gela, bulegoak eta aparkalekua. Zabortegiak 3.907.000 metro kubikoko edukiera izango luke eta bertan hondakin geldoak eta ez arriskutsuak hartuko lirateke. Herritarrak, elkarteak eta eragileak hasieratik azaldu dira egitasmoaren aurka, eta, gainera, udal-txosten baten arabera, esandako eremuan zabortegia egitea bideraezina da, ez baitira betetzen, besteak beste, lurralde-antolamenduko arauak, planteamendukoak eta ingurumena babesteko legeriari lotutakoak.    

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).