Lezama, Bizkaiko Herriarteko txapeldunordea

Aikor aldizkaria 2022ko eka. 27a, 13:49

Markina-Xemein nagusitu zen Bizkaiko Herriarteko Pilota Txapelketaren finalean. Finala Lezamari irabazi zion atzo, Zaldibarko pilotalekuan. Markinarrak faboritoak ziren azken urteotan, txapela hainbat aldiz jantzi dutelako. Gainera, Oier Hormaetxe lezamarrak ezin izan zuen finala jokatu. Iaz, lezamarrek irabazi zuten eta aurten, markinarrek errebantxa hartu dute.

Hauek izan ziren pilotari lezamarrak: kadete mailan, Aiala eta Adrian Uriarte; gazte mailan, Bittor Iruretagoiena eta Aimar Busquet; eta senior mailan, Iñigo Aurtenetxe eta Edorta Bilbao. Taldeak ezin izan zuen iazko txapela berriro jantzi. Lehenengo partidan, Uriartetarrek 22 eta 1 galdu zuten Mikel Egurrola eta Markel Calvoren kontra; bigarrenean, aldiz, lezamarraren alde izan zen garaipena: Iruretagoienak eta Busketek 22 eta 10 irabazi zieten Anartz Ibarlozari eta Jokin Alvarezi.

Dena erabaki zen, beraz, azken partidan, senior kategorian. Finalerdian, Oier Hormaetxek min hartu zuen eta ezin izan zuen finala jokatu. Bere ordez, Iñigo Aurtenetxe aritu zen. Aurtenetxek lan txukuna egin zuen eta izugarrizko laguntza eman zion Edorta Bilbao bikotekideari, partidari orekari eusteko. Hala ere, azken txanpan, Josu Agirreamalloa eta Aimar Ibarloza markinarrak 22 eta 18 nagusitu ziren. “Taldea fin ibili da, batez ere Adrian Uriarte, Aimar Busquet eta Iñigo Aurtenetxe. Busquet askotan jartzen da urduri, baina atzoko partida bere menpe hartu zuen; era berean, nahiz eta Aurtenetxek partida bat ere jokatu barik hilabete bi eman, maila paregabea eman zuen eta irabazteko zorian egon ginen”, esan du Ander Castresana Lezamako Pilota Klubaren kideak.

“Porrot egin badugu ere, poz-pozik gaude: batetik, maila ederra eman dugulako, espero genuena baino asko hobea; eta bestetik, urteak eta urteak eman ditugu txapelketaren finalera heldu barik eta azken bi urteotan helburua lortu dugu. Iaz irabazi; aurten, galdu. Baina taldeak lan txukuna egin du eta ziur nago datozen urteotan final gehiago jokatzeko aukera izango dugula”, aipatu du Castresanak. Klubak eskerrak eman dio herriari, finala zuzenean ikustera hainbat zaletu Zaldibarrera hurbildu zirelako eta frontoian giro ederra sortu zelako.