Lezamaren eta Aldundiaren arteko hitzarmena, Vivero eta eliza lotzen dituen errepidea konpontzeko

Aikor aldizkaria 2022ko aza. 10a, 14:20

Lezamako Udalak jakinarazi duenez, Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitzarmena sinatu dute, Vivero eta Santa Maria eliza lortzen dituen errepidea konpontzeko. Errepideak 4,3 kilometro ditu eta Aldundiak 693.185,36 euro ipiniko ditu bertan asfaltatze- eta margotze-lanak egiteko. Lezamako Udalak urtea amaitu baino lehen lizitatuko ditu lanak eta espero du lanak martxotik ekainera bitartean egitea. Izan ere, Frantziako Tourreko etapa bat handik pasatuko da uztailaren 1ean.

Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkatea oso pozik azaldu da hitzarmena dela eta. “Tourra Lezamatik pasatzea oso albiste ona da udalerriarentzat. Alde batetik, herritarrek munduko kirol-probarik garrantzitsuenetako bat gozatu ahalko dutelako; eta bestetik, Lezama eta Vivero lotzen dituen errepidea konpontzea ekarriko duelako. Beste behin ere erakundeen arteko lanari esker jarraitu ahal dugu herriko azpiegiturak hobetzen”.