Jon Ander Aurrekoetxea hirugarrenez aurkeztuko da Lezamako alkatetzara

Aikor aldizkaria 2023ko urt. 2a, 09:07

Lezamako Uri Batzar jeltzaleak jakinarazi duenez, aho batez erabaki dute Jon Ander Aurrekoetxea Artetxe (Lezama, 1969) 2023ko maiatzeko hauteskundeetarako EAJren alkategaia izatea. Aurrekoetxea Lezamako alkatea da gaur egun eta aurten hirugarren aldiz aurkeztuko da alkatetzara. Bere esanetan, “lehen egunean bezain gogotsu” segitzen du, “udalerriaren eta lezamarren bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko ilusioa” duela.

Aurrekoetxea 2015ean ailegatu zen Lezamako alkatetzara. Hango Uri Batzarrak azpimarratu duen moduan, “harrezkero proiektu esanguratsuak egin dira herrian, hala nola Kurtze auzoko tren-geltoki berria eta errepide azpiko puntu beltza ezabatzea, gimnasio, ikasgela eta kultur gela berriak eta Larrabetzurako bidea oinezkoentzat egitea. Horrezaz gainera, nabarmendu dituzte 0 urtetik 18 urtera bitarteko gazteentzako aisialdirako udal-azpiegiturak: haurrentzako gela, ludoteka, Gaztegunea eta Gaztelekua. “Beste batzuen artean, lan horiek ekarri dute Lezama udalerri moduan haztea eta herritarren bizi-kalitatea hobetzea”, esan dute.

Aurrekoetxeak aurreratu du “hurrengo agintaldiari begira Lezama hazten jarraitzea ahalbidetzen duen proiektuan” murgilduta dagoela. Proiektu hori garatuko du “erantzukizunez eta entzute aktiboa eta erakundeen arteko harremanak kontuan hartuta, egitasmo garrantzitsuak egiten jarraitu ahal izateko”. Bestalde, hautagai jeltzaleak berretsi du giza arloaren eta ingurumenaren aldeko apustua. “Pandemiak nabarmen baldintzatutako legealdi batetik gatoz, eta egoera horrek hainbat alderditan kaltetu ditu herritarrak. Horregatik, pertsonek gure lehentasuna izaten jarraituko dute, eta euren osasuna eta bizi kalitatea lehenesten jarraituko dugu. Baita Lezamako ingurune naturala zaintzen eta balioesten ere”.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).