Lezamako Burdin Hesia XCO proba maiatzaren 14an egingo da

a: Zorribike 2023ko mai. 3a, 12:21

Zorribike txirrindularitza elkarteak antolatuta, maiatzaren 14an egingo da Lezamako Burdin Hesia XCO Zirkuitua. Hori da Green Series XCO lehiaketa-proba, zirkuitu olinpikoaren modalitatekoa, eta bertan 300 lagun inguruk parte ohi dute hainbat kategoriatan banatuta. Aurtengo saioak nobedadea dakar, izan ere, lehenengo aldiz egingo da Elorritxuetan; irteera eta helmuga bertako aparkalekuan ipiniko dira.

Zorribike elkarteak azaldu duenez, aurreko edizioetan “Elorritxuetatik apur bat beherago atondu da zirkuitua, baina aurtengo kokalekua erosoagoa da”.  Lasterketak 9:30ean hasiko dira, eta 14:00etan amaitu. Lehenengo lasterketak hauek izango dira: kadeteak (neskak eta mutilak) eta Master/40/50/60; 11:00etan: scrach (neskak) eta juniorrak (neskak eta mutilak); eta 12:45ean: Sub23 eta elite.

Probak eragozpenak ekarriko dizkio ibilgailuen zirkulazioari. Horrela, Lezama eta Elorritxueta lotzen dituen errepidea aldizka itxiko da trafikorako; Elorritxuetako aparkalekua itxiko da; eta frontoitik Amezelaieta eta Antolarrene baserrietara doan baso-pista ere itxiko da. Zorribike elkarteak Lezamako eta Galdakaoko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatu dute proba.

Green Series Challenge XCO txapelketa bederatzi proba ditu, martxotik uztailera bitartean egiten direnak. Emaitzak Bizkaiko Txirrindularitza Federazioaren arauei lotutako sailkapen orokorrerako puntuagarriak dira; arauak Espainiako Txirrindularitza Federazioaren arautegiarekin ere bateragarriak dira.    

Bestalde, probaren egunean bertan, arratsaldeko 19:00etan, ikastaroa egingo dute Uribarri Topalekuan, bizikletan jarrerarik onena izaten ikasteko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).