Bulego eta lokal berriak atondu dituzte Lezamako udaletxean

a: Lezamako Udala 2023ko uzt. 28a, 11:11

Lezamako Udalak jakinarazi duenez, bulego, komun eta bileretarako lokal berriak atondu dira udal-bulegoetan, bertako teknikariek zein Txorierriko Mankomunitateko langileek (berdintasun-teknikaria, euskara trebatzailea…) erabili ditzaten, eta han barneko eta kanpoko bilerak egiteko. Udalak 232.597,59 euro ipini ditu atontze-lanetan eta 44.631,87 euroko dirulaguntza jaso du Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailetik.

Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkateak azaldu duenez, zehatz-mehatz hiru bulego eta gela zahar bat atondu dira; gainera komun bat ere atondu da, eta elbarrituentzako egokitu. Atontze-lanek helburu bikoitza izan dute: alde batetik, langileen baldintzak hobetzea; eta bestetik, herritarren ematen zaien zerbitzua ere hobetzea. Adibide batzuk ipintzearren, atontze-lanei esker kultura teknikariaren bulegoa liburutegitik udaletxera eraman da eta ekonomia saileko gunea ere egokitu ahal izan da; gainera, alderdi politikoek lokal berrietan egin ahalko dituzte bilerak. Azkenik, behar izanez gero, herritarrek erosoago erabili ahalko dute komuna, udaletxera joaten direnean.