Kuadrillen txapelketa, jaietako nobedadea

Aikor aldizkaria 2023ko uzt. 28a, 12:21

Irailaren 2tik 10era bitartean, jaietan izango dira Lezaman, eta Basobaltz jai-batzordeak dena prest du lezamar guztiek ederto pasatu dezaten. Azaldu dutenez, elkarteen partaidetza areagotzea dute helburu, eta horretarako, kirol- eta kultura-ekintzak areagotu dituzte; baita umeentzako ekintzak ere. “Aurten inoiz baino gehiago «Jaiak herritik eta herriarentzat» leloarekin bat egiteko”, azaldu dute. Horrezaz gainera, adin guztientzako kuadrillen txapelketa antolatu dute lehen aldiz, zeinak hiru proba hartuko baitu: mozorro-jaitsiera, kuadrillen erronka eta paella txapelketa. 

Moreak elkarte feministak pregoia irailaren 8an botako duen arren, aurreko egunetan ere jaietan ibiliko dira Lezaman. Legina auzoan, hain zuzen, San Antolin Eguna ospatuko dute irailaren 2an. Egun horretarako antolatu dira meza, kopaua eta mus-txapelketa.

Hurrengo egunean, domekan, Lezamako Mugetatik mendi-martxa eta -lasterketa izango dira. Ohikoa denez, 25 kilometroko ibilbideak eta txikien mendi-martxa egingo dira, baina aurten lehendabiziko aldiz 14 kilometroko lasterketa izango da gazteentzat. Bestalde, irailaren 6an eta 7an futbol-txapelketaren partidak izango dira, eta eguenean, gainera, odolosteak dastatzeko aukera egongo da herriko jatetxeetan eta tabernetan.   

Txupinazoak eta pregoiak hasiera emango diete Andra Mari jaiei bariku arratsaldean. Nolanahi ere, goizean izango dira eskolarteko futbol-txapelketa, deiadarra eta gaztetxoentzako kalejira eta tailerrak. Arratsaldean egongo dira kuadrillen jaitsiera, batukada eta elektrotxaranga. Musikak jarraituko du talde eta musikari hauen eskutik: Perro Loco, Ben Yart eta Oinutsik.

Zapatu goizean lehen aldiz egingo da pumptrack erronka, eta umeentzako puzgarriak eta jostailuak ere egongo dira. Herri-bazkaria karpan izango da, eta txartelak irailaren 1era arte eskuratu ahalko dira herriko dendetan eta tabernetan; bazkalostea girotzeko, bingo musikatua egongo da. Era berean, kuadrillen arteko jolasak izango dira arratsaldean, pilota-partidak, euskal dantzen erakustaldia, abesbatzen emanaldia eta kalejira. Gauari musika ipiniko diote Los Zopilotes Txirriaos taldeak, HOFE X 4:40 taldeak eta Rico Rosa Dj-k.

Jaiak zapore onez amaitzeko, paella txapelketa egingo da Bola Lekun, domekan. Mus-txapelketa ere izango da, umeentzako jolasak, txokolatada eta disko-festa.

 

Irailak 2, zapatua. San Antolin Eguna

Legina auzoan

12:30 Meza.

13:00 Kopaua eta edaria, Zorribike txirrindularitza-elkartearen eskutik.

16:30 Mus txapelketa (20 €, bikoteko).

 

Irailak 3, domeka. Lezamako Mugetatik

08:00 Mendi-martxa (25 km).

09:30 Mendi-lasterketa (25 km).

10:00 Txikien mendi-martxa.

10:30 Mendi-lasterketa (14 km).

 

Irailak 6, eguaztena

19:00-21:00 Futbol-txapelketa: kadete-junior eta senior kategorietako 3. eta 4. postuak, Bizia kirol-taldeak antolatua.

 

Irailak 7, eguena. Odoloste Eguna

19:00-21:00 Futbol-txapelketa: kadete-junior eta senior kategorietako finalak. Bizia kirol-taldeak antolatua.

Odolosteak, herriko jatetxeetan eta tabernetan.  

 

Irailak 8, barikua. Andra Mari Eguna

10:30-14:00 Eskolarteko futbol-txapelketa, Bizia kirol-taldeak antolatua.

11:00 Deiadarra eta umeen kalejira, Lezamako Dultzaineroak taldeak girotua eta Umeentzat Lanean gurasoen elkartearen laguntzarekin.

12:00 Ume eta gazteentzako tailerrak, Umeentzat Lanean gurasoen elkarteak antolatua.

12:30 Meza.

18:30 Kuadrillen jaitsiera. Gaia: Hamarkadak.

19:30 Txupinazoa eta pregoia, Moreak talde feministaren eskutik. Ostean, Burrunbadie batukada-taldea.

20:15 Elektrokela elektrotxaranga.

22:30 Futbol-txapelketaren sariak banatzea. 

23:00 Perro Loco.

00:30 Ben Yart.

02:00 Erromeria: Oinutsik.

04:00-06:30 Txosnako musika.

 

Irailak 9, zapatua

11:00 Deiadarra.

11:00 Lezamako I. Pumptrack Erronka, Zorribike txirrindularitza-elkarteak antolatua.

11:30-14:30 Puzgarriak, umeentzako ludoteka, eta ur-irristagailua.

12:30 Meza.

13:00 Kopaua eta bingoa, Adintsuen Elkartean.

15:00 Herri-bazkaria, karpan.

Ostean, bingo musikatua, Zorrizketan euskara-elkarteak antolatua.

17:30 Kuadrillen jolasak.

18:00 Pilota-partidak, frontoian.

18:30 Euskal dantzen erakustaldia, Kurutze dantza-taldeak antolatua.

19:30 Abesbatzen emanaldia, elizan: Ekidazu eta Bilbotxeros.

20:00 Txosnak zabaltzea.

21:30 Kalejira: Arabiar Gauak.

23:00 Los Zopilotes Txirriaos.

02:30 HOFE X 4:40.

03:45 Rico Rosa Dj.

05:45-06:30 Txosnako musika.

 

Irailak 10, domeka. Bola Lekuko jaiak

11:30 Deiadarra.

12:00 Paella txapelketan izena ematea.

16:30 Mus-txapelketa (20 €, bikoteko).

17:00 Umeentzako jolasak.

18:00 Txokolatada, Bolaleku tabernaren eskutik.

19:30-22:00 Disko-festa.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).