600 lagun inguru batu ziren Lezamako Mugetatik lasterketan eta mendi-martxan

a: Gaizka PeƱafiel 2023ko ira. 6a, 09:53

Domekan, irailak 3, Lezamako Mugetatik lasterketa eta mendi-martxa egin zen 17. aldiz. Ekintza arrakastatsua izan ohi da eta aurten ere parte-hartze handia egon da. Antolatzaileek adierazi dutenez, probaren baitan egin diren saioetan guztira 600 lagun inguru ibili dira. Balorazio ofiziala egiteko oraindik batu ez diren arren, pozik azaldu dira, eta aurreratu dute hura ona dela eta goiz osoan giro polita egon zen herrian. Gainera, eguraldia ere lagun izan zuten, mendian ibiltzeko tenperatura egokia egin zuen eta.

Ohikoa denez, 25 kilometroko mendi-martxa eta lasterketa egin ziren; proba bietan 400 parte-hartzaile inguru izan ziren. Bestalde, nobedadea egon da aurtengo edizioan, lehen aldiz egin baita gaztetxoentzako lasterketa. Hori 12,5 kilometrokoa izan zen eta parte-hartzaileak –100 bat– Dorrearen inguruan batu ziren ibilbide luzeko parte-hartzaileekin, azken kilometroak elkarrekin egiteko. Horrezaz gainera, 60 ume ibili ziren eurentzako martxan, gurasoek lagunduta. Parte-hartzaile guztiek jaso zuten kamiseta bat eta dozena bat Lezamako piper.

Proba guztiak ondo irteteko, 60 boluntario ibili ziren lanean ibilbidean zehar, eta eurek egindako lana azpimarratu dute antolatzaileek. Izan ere, domekan ez ezik aurreko egunetan ere ibili ziren ibilbidea atontzen. Ibilbidearen anoa-postuez gainera, txosna ipini zen helmugan, lasterkariek indarrak berritzeko. Kirol-saioak amaituta eta sariak eman ostean, bazkaria egin zuten antolatzaileek eta boluntarioek, guztiek egindako lana eskertzeko. Plazan trikitiaren soinuak izan ziren entzungai, eta Kittu taldeak girotu zuen eguna.

Sailkapenak

Lasterketa nagusia Jokin Betoloza Belokik irabazi zuen gizonezkoen kategorian, eta bere atzean ibili ziren Josu Caño Estalayo eta Pablo Doña Giron. Emakumezkoen kategoriaren irabazlea izan zen Nerea Iturriaga Gonzalez; bigarrena, Irati Ortiz de Anda lezamarra; eta hirugarrena, Irantzu Chinchetru. Gaztetxoentzako probari dagokionez, Mikel Rodriguez Francia nagusitu zen gizonezkoen kategorian, eta bere atzean izan ziren Unai Barruetabeña Amilibia eta Jose Antonio Jimenez Ferreiro. Emakumezkoen lasterketa Garazi Sampedro Arandok irabazi zuen; Ainhoa Gernika bigarrena izan zen; eta Itsasne Urkiaga Mugarra, hirugarrena. Txapelak eta garaikurrak banatu ziren lehenengo sailkatuen artean.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).