Parte hartzeko aurrekontuen bigarren fasea datorren astelehenean hasiko da Lezaman

Aikor aldizkaria 2024ko urt. 16a, 11:31

Lezamako Udalak jakinarazi duenez, datorren astean hasiko da parte hartzeko aurrekontuen bigarren fasea. Fase horrek urtarrilaren 22tik otsailaren 4ra arte iraungo du, eta lezamarrek 13 egitasmo izango dituzte bozkatzeko. Lezamako Udalak 90.000 euroko diru-partida du aukeratzen diren egitasmoak gauzatzeko.

Lehenengo fasea amaituta, hauek dira bideragarritzat jo diren egitasmoak: oinezkoentzako pasabideen ikuspena hobetzea Athleticen errepide orokorraren eta instalazioen arteko elkargunean, eta sagardotegirako eta Goikobarrio alderako bideko argiak hobetzea (15.000 euro); Enaitz tabernatik ludotekara zebrabidea jartzea (4.000 euro); trenera igotzeko biribilgunean zebrabidea jartzea (15.000 euro); Pumptrackean argiak ipintzea (21.000 euro); bidegurutzeetan kartelak jartzea auzoen izenekin eta etxebizitzen zenbakiekin (30.000 euro); Ankene baserriko igoerako hesia konpontzea (1.800 euro); txakurren aisialdirako gunea sortzea (20.260 euro); Hilario Astorki plazako pergolari teilatua jartzea (17.000 euro); Gaztelekuentzako materiala (4.500 euro); eskultura bat jartzea, Lezamako emakume bendejeren lana aitortzeko (20.000 euro); rokodromo bat sortzea 3 eta 10 urte bitartekoentzat (4.000 euro); saski batzuk gehitzea Gurutzeko futbol-zelaian (6.000 euro); eta eserlekuak jartzea herriko hainbat tokitan (7.100 euro).  

Lezamarrek zenbait bide izango dute eskura, botoa emateko. Horrela, botoa liburutegiko hautestontzian sartu ahalko dute, edo hurrengo leku hauetan ipinitako postontzietan: Iruris, udaletxea, Aretxaldeko geltokia, Gurutze auzoa, Bolaleku eta Goitioltzako txokoa. Gainera, urtarrilaren 26an, pertsona bat ibiliko da auzoetatik 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Era berean, botoa lezama.eus webgunearen bidez ere eman daiteke. Bozketan Lezaman erroldatutako 16 urtetik gorako edozein pertsonak har dezake parte. Bozketan behin bakarrik hartu ahalko da parte.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).