Lezamak XXI. Txakolin Eguna ospatuko du domekan

Aikor aldizkaria 2024ko mai. 28a, 14:28

BBKren babesarekin, Lezamako Udalak Txakolin Eguna ospatuko du domekan, ekainak 2. Egun osoan zehar, 11:00etatik 17:30era, herriko lau upategietako txakolina izango da Hilario Astorki plazan: Basalbeiti, Erdikoetxe, Garkalde eta Magalarte. Horrezaz gainera, 0 kilometroko eta kalitate handiko produktuak egongo dira, hala nola gazta, ogia, barazkiak eta gildak.  

Bestalde, ohikoa denez, hainbat jarduera izango dira ekintza girotzeko. Kurutze dantza-taldea kalejiran irtengo da 11:00etan, eta umeentzako euskal dantzak eskainiko ditu. Bestalde, 12:30ean, eguneko ekintza nagusia egingo da: kortxoa kendu, topa egin eta Lezamako Txakolinaren enbaxadoreak izendatu. Aurten Lezama Sport futbol-taldea eta Ikusgarri Txokoa izendatuko dira enbaxadore, hurrenez hurren 100 eta 50 urte bete dituzte eta. Ondoren, Ekidazu abesbatzaren eta El Perenal de Lanestosa abesbatzaren emanaldia izango da, eta Etxahun Lekue bertsotan ibiliko da. Azkenik, 14:30ak aldera, erromeria egongo da Oxabi taldearen eskutik. Era berean, goizean umeentzako tailerrak egongo dira udaletxearen atzealdean. Pedro Mari Goikoetxea kazetari lezamarra aurkezle ibiliko da, eta Asier Dañobeitia sommelier lezamarrak uzta berriko txakolina dastatu, eta deskribatuko du. Kopak udal-postuan ipiniko dira salgai.

Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkateak herritarrak gonbidatu ditu Txakolin Egunaren XXI. edizioaz gozatzera. “Egunik berezienetakoa da udalerriarentzat eta herritarrentzat. Giro ona, euskal kultura eta nortasuna eta inguruko produktuen kalitatea protagonista dira beti. Jendea gonbidatzen dugu gure Txakolin Eguna eta produktuak ezagutzera, behin etortzen den jendea berriro etortzen da eta”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).