Zapatuan zabalduko da Lezamako Mugetatik lasterketan izena emateko epea

a: Gaizka Peñafiel 2024ko eka. 5a, 14:50

a: Gaizka Peñafiel

Irailaren 1ean, Lezamako Mugetatik mendi-ibilaldi eta -lasterketaren 18. edizioa izango da, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, bertan parte hartzeko izena ematea zapatuan, ekainak 8, zabalduko da. Izena ematea www.lezamakomugetatik.eus webgunean egin behar da eta han ere topatuko dira probaren xehetasunak.

Ohikoa denez, Lezamako Mugetatik mendi-ibilaldia eta lasterketa Andra Mari jaien aurreko domekan egingo da. Zailtasun ertaineko ibilbidea da, baina hainbat zati gogor eta tekniko ditu, hala nola Basobaltz basoaren jaitsiera, Gangureneko igoera eta Ugarteko jaitsiera. Lasterketak zein ibilbideak 25 kilometro dituzte; hala ere, junior kategoriako probek 14 kilometro dituzte. Bestalde, lasterketa nagusiko 14. kilometroan Ganguren Ziztu Bizian proba hasiko da eta Ganguren mendiaren tontorrean amaituko da. Tarte horrek hiru kilometro eta 400 metroko desnibela ditu, eta denborarik laburrenean egiten duenak saria jasoko du.

Irteera neutralizatua Andra Mari elizatik udaletxeko plazaraino izango da, eta plazan bertan hasiko da irteera ofiziala. Ibilbidean zehar hornidura-postuak ipiniko dira. Era berean, aurten ere txikien ibilaldia egingo da Gangureneko edo Gaztelumendiko mendilerrokoaren inguruan.

Izena emateari dagokionez, 25 kilometroko lasterketan parte hartzen duten federatuek 20 euro ordaindu beharko dituzte, eta federatu gabeek, 25 euro; 14 kilometroko lasterketan parte hartzen duten federatuek, 17 euro, eta federatu gabeek, 22 euro; ibilaldian parte hartzen dutenek, 17 euro; lezamarrek, 12 euro; eta txikien ibilaldian parte hartzen dutenek, bost euro. Batzen den diruaren zati bat kausa sozial, solidario eta ingurumenari lotutako batera bideratuko da.

Gehienez 200 parte-hartzaile onartuko dira proba bakoitzean –ibilaldia, 25 kilometroko lasterketa eta 14 kilometroko lasterketa–, eta hurrengo kategoria hauek egongo dira emakumezkoetan zein gizonezkoetan: sailkapen orokorrean, beteranoak eta lezamarrak; 14 kilometroko lasterketan, gainera, gazteen kategoria ere egongo da. Irabazleen artean txapelak, garaikurrak eta medailak banatuko dituzte, eta parte-hartzaile guztiek jasoko dute kamiseta eta Lezamako produktuen poltsa bana.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).