Pilota Goxoa Txapelketaren finalek ikusmin handi-handia sortu dute Lezaman

Aikor aldizkaria 2024ko eka. 10a, 14:14

a: Lezamako Udala

Pilota Goxoa Txapelketa antolatu du bigarren aldiz Lezamako Pelota Klubak. Txapelketa herrikoa izan da eta bertan lezamarrek hartu dute parte. Txapelketak ikusmin handia sortu du herritarren artean. Partidak bederatzi barikutan jokatu dira, eta pasa den asteko barikuan, ekainak 7, finalak izan ziren. Jaime Uriarte pilota elkartearen presidenteak harro eta pozik azaldu da txapelketak izan duen harrerarekin. “Frontoia jendez gainezka egon zen barikuan, finalak ikusteko. Ikusleak kantxan ere ibili ziren zutik. Inoizkorik arrakastatsuena izan da!”.

Mutikoen kategorian, 12 urtetik 14 urtera bitarteko 40 pilotari lehiatu ziren, eta nagusienetan, 42 pilotari; azken horietako 14, emakumezkoak izan ziren. Aurre-umetxoen B kategorian, Aimar Mendigurenek 18 eta 4 irabazi zion Inar Mariari; aurre-umetxoen A kategorian, Markel Larrañagak 18 eta 17 Ibai Mendigureni; umetxoen kategorian, Aimar Uriartek 18 eta 16 Aitzol Etxaberi; umeen kategorian, Mikel Aretxagak 18 eta 12 Asier da Silvari; eta gaztetxoen kategorian, Gorka Gutierrezek 18 eta 13 Eider Perezi.

Pilota goxoari dagokionez, emakumezkoetan, Marta Garciak eta Uxue Perezek 22 eta 12 irabazi zieten Janire Bilbaori eta Amaia Lopezi. Gizonezkoetan, bestalde, Ibon Atxutegi eta Andoni Aretxabaleta 22 eta 16 gailendu ziren Ramon Sanchez eta Mikel Larrañagaren kontra bigarren mailan; lehenengo mailan, Ager Martinek eta Igor Uriartek 22 eta 19 irabazi zieten Iñigo eta Diego Rodriguez anaiei.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).