Hogeita bost kilometro lasterketa Mestafa Mafhoudek (1:58:10) eta Oihane Unzaluk (2:23:48) irabazi zuten, eta 14 kilometro lasterketa, Alberto Sánchezek (51:55) eta Fátima Urigüenek (1:10:57). Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, izena eman zuten korrikalarietako batzuk ez ziren lasterketara azaldu, eta beste batzuek bertan behera utzi behar izan zuten proba. Hala ere, 137 lagunek lortu zuten lasterketa luzea amaitzea, eta 169 lagunek, lasterketa laburra amaitzea. “Eguraldi ona izan genuen atzo goizean, baina beroak eta hezetasunak ez zieten korrikalariei lagundu. Hornidura-postuak egon arren, parte-hartzaile batzuk nahiko deshidratatuta ailegatu ziren helmugara”. Beste aldetik, korrikalari bat erori zen eta zauria egin zuen aurpegian eta kolpe arinak hartu zituen. Nolanahi ere, ez zen istripu larria izan eta larrialdi-zerbitzuko langileek lekuan bertan artatu zuten. Lasterketez gainera, eta ohikoa denez, Ganguren Ziztu Bizian proba egin zen, eta mendi-martxa. Azken horretan 210 lagun inguruk hartu zuten parte. Era berean, 60 ume inguru eta euren senideak izan ziren txikientzat prestatutako zortzi kilometroko ibilaldian. Azkenik, aipatu beharra dago 50 bat boluntario ibili zirela lanean, kirol-proba guztiak ondo atera zitezen.
Aurreko urteetan bezala, antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute Lezamako Mugetatik kirol-ekintzari buruz, eta azpimarratu dute herrian egon zen giro ona eta polita. Ohikoa denez, txapelak eta garaikurrak emateko ekitaldia egin zen, eta opariak banatu ziren parte-hartzaileen artean. Piper-jana ere egon zen.