Txapelketan hiru maila egongo dira: emakumezkoak, gizonezkoak eta gizonezkoen bigarren maila. Parte-hartzaileak Lezamakoak izan behar dira, edo Lezaman bizi. Klubeko pilotarien gurasoek eta klubeko fitxa izan dutenek ere parte hartu ahalko dute txapelketan. Hala ere, federatuek edo eskola-mailan dabiltzanek ezin dute izena eman. Maila bakoitzean gehienez 15 bikote onartuko dira. Partidak barikuetan jokatuko dira.
Pilota Goxo Txapelketak ikusmin handia sortu ohi du herritarren artean, eta horren adierazlea da iaz frontoia leporaino bete zela finalak ikusteko. Orotara herriko 82 pilotarik hartu zuten parte: 12 urtetik 14 urtera bitarteko 40 pilotari, mutikoen kategorian; eta 42 pilotari, nagusien kategorian. Azken kategoria horietako pilotarien artean 14 emakumezko izan ziren. Finalak ekainean jokatu ziren, eta festa handia izan zen parte-hartzaileentzat zein herriko frontoian batu ziren lagun eta zaleentzat.