Udalak 127.520, 35 euro bideratuko ditu inbertsioetara, “Lezamak aurrera egin dezan eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko”. Horrela, 36.300 euro ipiniko ditu Hiri Antolamenduko Plan orokor berria izapidetzen jarraitzeko; 48.400 euro, Aretxalde 157-160 urbanizatzeko; eta 23.000 euro, epaitegia birgaitzeko. Era berean, 13.000 euro ipiniko ditu, Uribarri Topalekutik gertu dagoen oinezkoentzako pasabidea eta hilerritik tren-geltokirantz doan oinezkoentzako pasabidea aldatzeko.
Beste alde batetik, Lezamako Udalak % 1 handitu du dirulaguntzetara bideratutako zenbatekoa, eta lehen aldiz 1.000 euroko diru-partida sartu du Nekazaritza Kooperatibarentzat, “bere 100. urteurrena dela-eta eta landa-garapeneko ekimenei laguntzeko”. Era berean, hurrengo elkarte hauentzako dirulaguntzei eutsiko die: Lezamako Pilota Kluba, 19.950 euro; Adinekoen Elkartea, 3.500 euro; eskolako gurasoen elkartea, 15.750 euro; eta Basobaltz jai-batzordea, 48.510 euro. Horrezaz gainera, 4.000 euro gehiago zuzenduko ditu Mikel Zarate Haur Literatura Sarira, eta iazko diru-kopuru berberak bideratuko ditu hurrengo hauei laguntzera: kirol-elkarteak, 26.250 euro; kultura-elkarteak, 19.950 euro; Txorierriko kiroldegien erabiltzaileak, 8.000 euro; eta putzu septikoak garbitzea, 2.500 euro.
Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkatearen esanetan, “aurrekontu hauen bidez jarraitu nahi dugu modu fidagarrian eta arduratsuan aurrera egiten. Gure apustua da kulturara eta azpiegituretara bideratutako dirulaguntzak handitzea, eta Nekazaritza Kooperatibari ere lagundu nahi diogu, udalerriko funtsezko parte da eta. Bizilagunen eskutik hazten jarraitu nahi dugu, inor atzean utzi gabe”.