“Mikel Zarate” Haur Literatura Saria

Aikor aldizkaria 2025ko ots. 7a, 11:09

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak “Mikel Zarate” Haur Literatura Saria antolatu dute 15. aldiz. Sariaren helburua da umeentzako irakurgai berriak sortzea eta idazleen lana bultzatzea, eta idazlanak apirilaren 30era arte aurkeztu ahalko dira. Aurtengo diru-saria aurreko edizioetakoa baino handiagoa izango da: 4.000 euro hain zuzen.

Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (6-12 urte) euskaraz sortutako kontakizunak aurkeztu daitezke, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Parte-hartzaileek gutxienez 18 urte izan beharko dituzte. Lanek, bestalde, gutxienez 25.000 karaktere eta gehienez 100.000 karaktere izan beharko dituzte hutsuneak barne. Parte-hartzaileek emailez bidali beharko dituzte bi dokumentu udala@lezama.eus helbide elektronikora: batean, idazlana bera, egilearen daturik gabe; eta bestean, idazlanaren izenburua eta egilearen izen-abizenak, helbidea, telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa.

Epaimahaia osatuko dute Leire Bilbao, Xabier Mendiguren eta Maribel Aiertza idazleek, eta erabakia hartzeko azken eguna maiatzaren 31 izango dute. Haien iritziz gutxieneko kalitateko lanik ez balego, ez litzateke saririk emango. Eleberri edo ipuin saritua Elkar argitaletxeak argitaratuko du saria jakinarazi eta handik sei hilabetera, marrazkiz hornituta. Lanaren jabea idazlea izango da eta egile-eskubideak ordainduko dizkiote. Argibide gehiagorako: liburutegia@lezama.eus edo 944 556 007 (Lezamako Udala) eta liburuak@elkar.eu edo 943 310 267 (Elkar argitaletxea).