Lezamarrak 10 proiekturen artean botatu ahalko dute martxoaren 2ra arte

Aikor aldizkaria 2025ko ots. 18a, 13:07

Lezamako Udalak partaidetzazko aurrekontuen bigarren fasea ipini du martxan. Gizarte-sareetan azaldu moduan, 90.000 euroko diru-partida du, herritarrek aukeratutako proiektuak gauzatzeko. Zehatz-mehatz, 70.000 euro zuzenduko ditu adin nagusiko herritarrek proposatutako egitasmoetara, eta 20.000 euro, 10 urtetik 17 urtera bitarteko herritarrek proposatutako proiektuetara. Lezamarrek 10 egitasmo dituzte aukeran, eta botoa haietako hiruri eman behar diete. Azken eguna martxoaren 2a izango da.

Partaidetzazko aurrekontuen lehen fasean, 18 urtetik gorako 93 pertsonak hartu zuten parte, eta 217 proposamen egin ziren. Era berean, gazteek 34 proposamen egin zituzten. Proiektuen bideragarritasuna aztertuta, herritarrek botoa eman dezaten, Lezamako Udalak hurrengo egitasmo hauek aukeratu ditu: Aretxalde frontoiko berriztatze orokorraren proiektua idaztea (48.400 €); Gurutzeko jolas-parkearen argiteria hobetzea eta handitzea  (10.500 €); parke bio-osasungarri berri bat instalatzea (4.000 €); horma-irudi bat egitea, Lezaman tradiziozko lanen eta emakumearen paperaren balioak azpimarratuz (17.500 €); gimnasioko zoruan eta makinerian hobekuntzak egitea. (18.000 €); Lapiko parkean iturri bat ipintzea (3.600 €); Garaioltza 124-125ean sarbideko arranpan baranda ipintzea (2.000 €); zinema aire librean (4.500 €); liburuak trukatzeko kabina bat instalatzea. (1.700 €) eta Gurutzeko parkean haurtxoentzako kulunka indibidual bikoitza ipintzea (7.000 €).

Botoa liburutegian dagoen hautestontzian utzi daiteke, edo herritarrek parte hartzeko postontzietan: Iruris, udaletxea, Aretxaldeko geltokia, Gurutze, Bolaleku eta Goitioltzako txokoa. Bestalde, bariku arratsaldean eta zapatu goizean, otsailak 21 eta 22, bi pertsona auzoz auzo ibiliko dira informazioa emateko eta parte-hartzea errazteko. Botoa online ere eman daiteke hemen.