Herritarrek aukeratuko sei proiektu egingo dira Lezaman

Aikor aldizkaria 2025ko api. 4a, 13:16

Parte hartzeko aurrekontu-prozesuaren bidez lezamarrek sei proiektu aukeratu dituzte, eta Lezamako Udalak horiek sartuko ditu udal-aurrekontuetan. Udalak guztira 90.400 euro bideratuko ditu egitasmoak gauzatzera.

Prozesuan bi kategoria egon dira: alde batetik, 18 urtetik gorakoek aurkeztutako proposamenak, eta bestetik, 10 urtetik 17 urtera bitarteko gazteen proposamenak. Prentsa-ohar batean zabaldu dutenez, 18 urtetik gorakoek aurkeztutako proposamenen kategorian aukeratu dira hurrengo hauek: gimnasioaren zorua hobetzea eta makineria berritzea (18.000 euro), Aretxalde frontoia erabat eraberritzeko proiektua idaztea (48.400 euro), eta, herritarren artean bizimodu aktiboa sustatzeko, parke bio-osasungarri bat ipintzea (4.000 euro). Beste aldetik, 10 urtetik 17 urtera bitarteko gazteek aukeratutako egitasmoei dagokienez, udalak aipatu du proposamenek argi erakusten dutela aire libreko aisialdi- eta kirol-gune gehiago izateko interesa. Horrela, bada, hurrengo hauek aukeratu dituzte: kalistenia parkea ipintzea (12.000 euro), aire libreko zinema-saioak antolatzea (4.500 euro) eta Gazteguneko altzariak eta jolasak berritzea (3.500).   
Lezamako Udalak azaldu moduan, aire libreko zinema irabazle izan da kategoria bietan. Hortaz, gazteen kategorian sartu da, eta 18 urtetik gorako kategorian parke bio-osasungarria sartu da. Era berean, udalak 90.000 euroko diru-partida aurreikusita zuen egitasmoak egiteko, baina 400 euro gehiago beharko dituzte. Nolanahi ere, udalak bere gain hartuko du aldea.
Prentsa-oharrean adierazitakoaren arabera, ekimenaren helburua da udal-erabakietan herritarrek parte hartzea sustatzea. Prozesua bi fasetan garatu da. Lehenengoan, 2024ko irailaren 30etik urriaren 13ra, herritarrek 251 proposamen aurkeztu zituzten: 217, 18 urtetik gorakoek; eta 34, 10 urtetik 17 urtera bitartekoek. Bigarren fasea, botoa emateko fasea hain zuzen, 2025eko otsailaren 17tik martxoaren 2ra bitartean egin da, eta bertan 261 pertsonak hartu zuten parte: 199 helduk eta 62 adingabeek.  
Lezamako Udalak azpimarratu du egitasmoaren aurtengo edizioaren arrakasta, eta bere garrantzia nabarmendu du “udal-kudeaketan herritarren inplikazioa sendotzeko”. Datozen hilabeteetan hasiko da egitasmoak egiten, eta haien bilakaeraren berri emango diete herritarrei. Parte hartzeko prozesuari buruzko informazio guztia hemen kontsultatu daiteke.