Lezamako Kooperatibaren mendeurrena ospatzeko bazkarian izena emateko epea zabalik

Aikor aldizkaria 2025ko api. 14a, 14:37

Lezamako Nekazaritza eta Abeltzaintza Kooperatibak 100 urte bete ditu aurten. Mende bat bete izana da handitasunez ospatu beharrekoa, eta, hortaz, egitarau berezia antolatu dute maiatzaren 15erako. Ekintzen artean egongo da herri-bazkaria, eta bertan izena emateko epea gaur, apirilak 14, ireki da eta maiatzaren 5era arte izango da zabalik.

Ohi moduan, idi-probak izango dira goizean, eta gero Asturiaseko aizkolari batek enbor-mozketa bertikalaren erakustaldia egingo du. Abadeak kooperatiba bedeinkatu ondoren, dantza- eta musika-saioa egingo dute Kurutze dantza-taldeak eta Ekidazu abesbatzak hurrenez hurren. Esan moduan, bazkaria ere egongo da. Bazkaria kooperatibistentzat zein kooperatibista ez direnentzat izango da, eta 40 euro balio ditu; prezioaren barne daude kopaua eta bazkaria. “Urte hauetan guztietan ateratako argazkietako batzuk batu ditugu, eta film bat moduan emango dira bazkariaren ostean, kooperatiban izandako momentuak eta ekintzak gogora ekartzeko eta jendeak ikusteko. Arratsaldean ere izango da aizkolarien erakustaldia, eta dj batek musika ipiniko du ospakizuna apur bat luzatzeko”, esan digu Arantza Zarate kooperatibaren langileak. Informazio gehiagorako, lezamabaserri@gmail.com helbide elektronikora idatzi daiteke, edo 944 556 016 telefono-zenbakira deitu.