Lezamak XXII. Txakolinaren Eguna gozatuko du domekan

Aikor aldizkaria 2025ko mai. 26a, 11:33

Ohi den moduan, ekainaren lehen igandean, ekainak 1 aurten, Txakolinaren Eguna ospatuko dute Lezaman. Txakolinaren Eguna Lezamako Udalak antolatzen du BBKren babesarekin, eta aurten 22. edizioa beteko da. Hilario Astorki plazan postuak egongo dira 11:00etatik 17:00etara, eta hara hurbiltzen direnek herriko lau upategietako txakolina dastatzeko aukera izango dute: Basalbeiti, Erdikoetxe, Garkalde eta Magalarte. Horrezaz gainera, 0 km-ko eta kalitate handiko produktuak ere eskainiko dira, hala nola gazta, ogia, barazkiak eta gildak.

Goizean zehar, gainera, hainbat ekintza egingo dira azoka girotzeko. Horrela, 11:00etan Kurutze dantza-taldeak kalejira egingo du, eta dantzari txikienen ikuskizuna ere izango da. Ondoren, 12:30ean, kortxoa kendu, brindisa egin, eta 2025eko enbaxadorea izendatuko da. Aurten, Lezamako Baserritarren Elkartea aukeratuko da herriko txakolinaren enbaxadore, 100 urte bete ditu eta. Pedro Mari Goikoetxea kazetari lezamarrak aurkezle-lanak egingo ditu, eta Asier Dañobeitia herriko sommelierra arduratuko da uzta berriko txakolina dastatzeaz eta deskribatzeaz. Bestalde, Ekidazu abesbatzak ere emanaldia egingo du, eta 15:00etatik 17:00etara Taberna Ibiltariak girotuko ditu plaza eta inguruak. Era berean, goiz osoan umeentzako tailerrak egongo dira udaletxearen atzealdean.

Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkateak herritarrak gonbidatu ditu Txakolinaren Egunaren XXII. edizioaz gozatzera. “Egun berezia da Lezamarentzat eta bertako herritarrentzat. Giro ona, euskal kultura eta nortasuna eta eskualdeko kalitateko produktuak beti dira protagonista, eta beti da gozamenerako eguna. Behin etorrita, askotan errepikatzen du jendeak; beraz, gonbidatuta zaudete gure Txakolinaren Eguna eta produktuak ezagutzera”.