Udaren amaierarekin heltzen dira Lezamako jaiak: irailaren 2tik 15era arte San Antolin eguna, Andramariak, Bola-lekuko eta Kurtze auzoko jaiak ospatuko dituzte lezamarrek. Musika, karroza eta odolostearekin oporrei agur esango diete, eta aurten ere jai-batzordeak uztartuko ditu tradizioa eta euskal panorama musikala eraldatu duten artistak.
Irailaren 2an San Antolin eguna ospatzeko mokadu bat antolatu du Musika Txoroa taldeak meza ondoren. Barikuan Andramariak hasiko dira, eta tradizioa denez deiadar egingo dute goizean. Arratsaldean, frontoian pilota-partidak jokatzen diren bitartean Kuadrillen Jaitsieraren egingo da. 18:00etan hasiko da, eta gutxi gorabehera 20 kuadrillak parte hartuko dute, aurtengo gaia mundu osoko herrialdeak dira.
Behin desfilea amaituta, pregoia emango eta txupina botako du Baserritarren Elkarteak, bere 100. urteurrena baita. Gaua heldu baino lehen, kaleak girotuko dituzte Oilar Beltzak mariatxiek eta Txorierriko Sakatu elektrotxarangak. 23:30ean Maruri-Jatabetik etorriko da Aramu rock taldea, ondoren Tatta eta Denso artistak igoko dira eszenatokira. Egungo euskal musikari ezagunetarikoak dira, Spotify plataforman 130 mila erreprodukzioak batzen dituzte hilero. Jaien lehenengo eguna amaitzeko Dj Sernak musika jarriko jarriko du 4:00ak arte.
Zapatua deiadarrarekin hasiko da, eta goizean zehar Pump track egingo du Zorribike txirrindularitza taldeak. Gainera, puzgarriak egongo dira umeentzat. 15:00etan herri bazkaria hasiko da, baina tiketak erosi beharko dira Lezamako dendetan eguna heldu baino lehen; baita bingo musikatuan jolasteko ere, Zorrizketan euskara elkarteak antolatu duena. 17:30ean herri kirolak ikusteko aukera dute lezamarrek, eta, ordu berean, Enaitz tabernan Mus Txapelketa egingo da.
Iluntzean Orekka erromeria taldea Lezama girotzen arituko da; ondoren, Kiliki Frexko Chill Mafia taldeko kide ohiak kontzertua emango du, bere azken bilduma aurkezteko: ‘Iltze 1’. Behin amaituta, 2:00etan, Pueblo 54 artista lezamarrak kontzertua eskainiko du.
Domekan odoloste eguna izango da, beraz, herriko jatetxeetan eta tabernetan odolosteak izango dira dastatzeko, eta txosnetan taloak salduko dira. 13:00etan Ekidazu abesbatzak eta Lezamako aretoko dantza taldeak emanaldia egingo dute, aurten txosnagunean egingo da. Arratsaldean, eta Andramariei amaiera emateko, Kurutze dantza taldeak ikuskizuna egingo du udaletxearen aurrean. Irailaren 8an, Andramari egunean, meza baino ez da egongo.
Halere, Lezaman ez da etenik egongo, eguaztenean Bola-lekuko jaiak ospatuko baitira. Paellen txapelketa izango da egunaren protagonista, eta 17:00etan txokolatada egingo da. Egur jolasak ere egongo dira, eta 19:00etan Diskofesta hasiko da iluntzera arte.
Kurtzeko jaiak
Bi eguneko atseden eta gero Kurtzeko jaiak hasiko dira. Adin guztietako jendeak parte hartzen du jai hauetan, eta, horregatik, barikuko 18:30ean umeentzako puzgarriak izango dira. Ondoren, txupinazoa egingo da, eta auzoko tabernetan odolosteak dastatu ahalko dira, musikaz girotuta. Herriak herriarentzat egindako jaietan ezin da faltako Lezamako JOTAKE erromeria taldea, 23:00etan hasiko dira gaua girotzen.
Zapatuan herriak hain gustukoa dituen bi ekintza ospatuko dira: tortilla eta sukalki txapelketak. 14:00etan kuadrilla bakoitzak bere proposamena aurkeztuko du, baina izena eman beharko dute 11:00-12:00 bitartean. Gainera, goizean zehar umeentzako ur puzgarriak egongo dira, eta VI Kurtzeko MTB gazte-martxa egingo da. Bestalde, eguerdian Lezamako aretoko dantza taldeak dantza erakustaldia egingo dute. Arratsaldean, jolasak, herri bingoa eta Tolin mariatxia izango dira. 20:00etan Fruiztariak taldeak kontzertua emango du, hori ikusteko bokatak salgai egongo dira. Ondoren, sorgina erreko da, eta eguna amaitzeko Txorierriko Broken Izotz taldeak kontzertua emango du.
Domekan, Santa Kurtze omentzeko, euskal dantzak erakustaldia egingo du Kurutzeko Dantza Taldeak meza baino lehen. Arratsalderako, III Mikel Llodioren Memoriala Lauko Txapelketa antolatu du Lezama Sport Kirol Taldeak.
ANDRAMARIEK |
Irailak 2, martitzena · San Antolinak |
12:30 Meza |
13:00 Kopaua + Musika Txoroak |
Irailak 5, barikua |
11:00 Deiadarra |
18:00 Pilota partidak |
18:00 Kuadrilen jaitsiera |
19:00 Txupinazoa eta pregoia |
19:30 Oilar beltzak mariatxiak |
21:00 Sakatu |
23:00 Aramu eta Tatta Denso |
02:15 Dj Serna |
Irailak 6, zapatua |
11:00 Deiadarra |
11:30 Pump track eta puzgarriak |
15:00 Herri-bazkaria |
16:00 Bingo musikatua |
17:30 Herri kirolak eta mus txapelketa |
22:00 Orekka, Kiliki eta Pueblo 54 |
Irailak 7, domeka · Odoloste Eguna |
Odolosteak herriko tabernetan |
11:00 Deiadarra |
11:00 Taloak txosnagunean |
12:30 Meza |
13:00 Ekidazu abesbatza eta Grupo bailes de salon Txosnagunean |
17:30 Kurutze dantza taldea Hilario Astorki plazan |
Irailak 8, astelehena · Andramari eguna |
12:30 Meza |
Irailak 10, eguaztena · Bolalekuko jaiak |
12:00 Paellen inskripzioa |
14:00 Paellen aurkezpena |
17:00 Txokolatada |
17:30 Egurren jolasak |
19:00 Diskofesta |
KURTZEKO JAIAK |
Irailak 12, barikua |
18:30 Umeentzako puzgarriak |
20:00 Txupinazoa eta odolosteak tabernatan, musikagaz girotuta |
23:00 Erromeria: Jotake |
Irailak 13, zapatua |
09:00 Aulki eta mahaien banaketa |
10:30 VI Kurtzeko MTB-Gaztetxo Martxa Zorribikek antolatuta |
11:00-13:00 Ume eta gazteentzako jolasak. Uretako puzgarriak |
11:00-12:00 Sukalki eta Tortila Txa- pelketarako izen-ematea txosnan |
12:30 Dantza erakustaldia Lezamako areto dantza taldearen eskutik |
14:00 Tortila eta sukalkien aurkezpena |
16:30 Ume eta gazteentzako jolasak |
17:30 Herri BINGO (1) |
18:00 Tolin Mariatxia |
19:30 Herri BINGO (2) |
20:00 Kontzertua: Fruiztariak |
20:00 Bokatak |
22:30 Sorgina erretzea |
23:00 Kontzertua: Broken Izotz |
Irailak 14, domeka |
11:30 Euskal dantzak Kurutze dantza taldeagaz |
12:30 Meza ta ostean kopaua |
17:00 III Mikel Llodioren Memoriala Lauko Txapelketa |
Irailak 15, astelehena |
12:30 Meza |