Nolakoa izan da hainbeste urtetan herrian halako zerbitzua eskaini izana?
Esperientzia oso ona, azkenean denak izan dira familiakoak balira bezala, denak. Tratua ezberdina da jada, ez da berdina supermerkatu handi batera joatea edo denda batera, guretzat familia moduan izan da, eta horregatik kostatu zait ixtea. Baina oso ondo egon naiz, gustura.
Hasiera nolakoa izan zen? Zerk bul- tzatu zizueten denda bat zabaltzera duela 44 urte?
Hasieran izan zen ni lan gabe nengoela eta nire koinatua ere bai. Orduan nik komentatu nion ea zabalduko genuen denda errentan, eta bera zalantzan zegoen. Nire ahizpak ez zuen nahi, eta nire koinatuarekin hasi nintzen. Bion artean hasi ginen, eta hasieran kaos bat zen, oso txarto. Baina gero, astiro-astiro super ondo, bion artean ere oso ondo. MercaBilbaora joan… dena guk egiten genuen. Gero nire koinatuak lana aurkitu zuen, nire ahizpak semea eduki zuen, eta ordutik bi ahizpek eduki dugu denda. Eta oso ondo ere, nire ahizpak ez zuen nahi. Baina super gustura egon zen, beno, 44 urte egin ditu (barreak). Honez gain, familia ere beti egon da dendan edozertan lagun- tzeko prest, oso garrantzitsua izan dena. Esperientzia oso ona, batez ere antzinako jendea, ez dauka zerikusirik gaurkoarekin. Esan nahi dut, zure lana baloratzen dute, dena denbora osoan eskatzen… Dena “ahal baduzu, ahal baduzu…”. Honek urteotan betikoak bai, baina ez da berdina izan. Beste ohitura bat dago. “Hau behar dut”, pum, pum. Lehen izaten zen “Jo, ba eskerrik asko”, dena eskerrak. Eta birbobinatzen hasten naizenean, beti joaten naiz horra: hasi nintzenean zelan baloratzen zuen jendeak hori, horrek azkenean zu ere betetzen zaitu. Eta orain ere, izugarrizko pena eduki nuen ixteko, nik 44 urtean astero erosketak egitera etorri diren bezeroak izan ditudalako. Zalantzan egon nintzen ixteko, ze urtebete aurreratu dut erretiroa. Nik haiek baloratzen ditut, baina haiek ni ere baloratzen naute pila bat, ez dago hitzik hori deskribatzeko. Eta dendara joan nintzenean lehenengoz itxi ostean izugarrizko pena eduki nuen, pentsatu nuen: “Zer egin dut? Ez dakit…”. Baina beno, orain disfrutatzen dut. Gainera itxi aurretik bezeroek esaten zuten: “Jo, badakit noizbait itxi behar izango duzula, hainbeste urteren ondoren guk ere faltan botako zaitugu…”. Azkenean horiek gauzak ez dakizu zenbat baloratzen diren, pasada bat da, eta nik, benetan, esperientzia oso ona eduki dut jendearekin, oso ona.
Nola aldatu dira gure kontsumo-ohiturak urte guzti hauetan? Badago produkturen bat lehen orain baino gehiago kontsumitzen zena eta alderantziz?
Ezberdina da, antzina gehiago sukaldatzen zen, hori da agian jendeak denbora gehiago pasatzen zuelako etxean, eta orduan denetarik saltzen zen gehiago, batez ere “de primera necesidad” esaten den moduan, hau da, lekaleak eta horrelakoak, dena askoz gehiago. Orain jendeak sukaldatzen du, ez dut ezetz esan nahi, baina beste modu batean. Lehengo andreak edo gizonak egoten ziren agian goiz guztia indaba batzuk prestatzen, edozer gauza, eta gaur egun ez. Gaur egun deseatzen daude taberna batera joateko indaba batzuk jatera. Hori ere aldatu da. Eta kontsumoa lehen askoz gehiago sartzen zen, ez zegoen supermerkaturik, autobusa ez zen Lezamara iristen, autobusa Zamudion geneukan, trena ez zen etortzen Lezamara, Kurtzera baizik. Orduan horrek gauza guztiekin batera aurrera egin dugu denarekin. Gero hasi ziren lehenengo supermerkatuak, lehena Leioako Eroski izan zen, eta pentsatu genuen ez genuela iraungo, baina azkenean lortu dugu.
Zein izan da denda hainbeste denboran zabalik mantentzeko izan duzuen erronka nagusia?
Nire fuertea niretzako, nire iritzia, nahiz eta jendeak oraindik ere esaten didan, fruta, batez ere, hor eduki dugu gure xarma. Eta orain ere jendeak esaten dit “Ez dakigu nora joan fruta erostera”, eta orduan gazteak ere, batez ere arratsaldeetan, ze goizean gehienak lanean zeuden, batez ere Maite egoten zenean. Hark arratsaldeetan edukitzen zuen jende gaztea, batez ere frutak eta horrelakoak erosten.
Sakrifizio handiak egin behar izan dituzue?
Bai, horrek mugatu egiten zaitu, agian alabek gabonetan edukitzen zuten antzerkia eta halakoak galdu ditut, gimnastika erritmikoa eta ezin joan. Horrelako hainbat galdu ditut. Azkenean ez dago ordutegi bat, baina beno, balantza baten jarrita, alabek ulertzen dute, aurrerantz egin dute, eta dena positiboa da, benetan. Ez dakit nola eskertu.
Nolakoa izan zen omenaldia? Zer sentitu zenuen?
Pila bat hunkitu nintzen, ez nuen hori espero, agian etxekoak etortzea bai, eta bat-batean gero etorri ziren trikitixa eta bestelakoekin, orduan dena ikusi nuenean guztiz hunkitu nintzen. Egon nintzen hor lasai, abestu zuten eta hori, eta hona etorri nintzen (tabernara) pentsatzen kafetxo bat hartuko genuela eta mokadu batzuk jan, baina punta batetik bestera zihoan mahai bat zegoen, orduan berriro ere beste emozio-kolpe bat izan zen, ustekabekoa. Bertan betiko jendea zegoen, 44 urte hauetan egon direnak beti erosten, eta gero berriak ere bai. Ez dira bata bestea baino gehiago, baina nire betiko jendea, nirea. Nire familia esaten badut ia nire familiako kide balira bezala ikusten ditudalako da.
Agian jendeak ere hori baloratzen du, hurbiltasun hori, supermerkatu handietako inpertsonaltasun horren aurretik.
Ziurrenik horietara jendea erosketa handiak egitera joaten dira, baina gero eguneroko gauzak daude, eguneroko gauzak dira fruta eta bestelakoak. Eta horrelako bezeria ere izan dut, nik itxi dut denda martxan egonda, pena horregatik eman dit ere, eta nik uste nuen Maitek jarraituko zuela dendarekin, baina ez du nahi izan. Eta horrek eman dit pena, jarraituko balu aurrera, itxi ez balitz, agian lasaiago egongo nintzen. Baina hori izan da kosta izan zaidana ixtean.
Elkarrizketa bukatu aurretik, Mari Carmenek ez du ahaztu izan nahi izan Bego ahizpa, eta Maite eta Marian langileei eskerrak ematea, “laguntzen dizunari eskerrak eman behar baitzaizkio”.