“Musika eta bizitza ADELA-rekin” ekimen solidarioa zapatuan Lezaman

Aikor aldizkaria 2025eko azaroaren 17a

Zapatuan, azaroaren 22an, “Musika eta bizitza ADELA-rekin” ekimen solidarioa ospatuko da Lezamako frontoian. Honen helburua ADELA Bizkaia elkartearentzako dirua batzea izango da, Esklerosi Lateral Amiotrofikoak (ELA) eragindako pertsonei babesteko.

Eguneko ekitaldi nagusia ADELA Bizkaia – Raid Clásicos del Atlas 2025 proiektu solidarioaren eta ibilgailuaren aurkezpena izango da. Raid Clásicos del Atlas Morokon zehar egiten den sei etapako ibilbide automobilistiko eta off road bat da, eta 25. edizioa betetzen du aurten. Bertan hartuko du parte modu solidarioan Guillermo Jauregi lezamarrak, ELAz diagnostikatutako Oskar Argintxonaren omenez. Partaidetzaren helburua ELAren ikusgarritasuna handitzea eta ADELA Bizkaiaren alde dirua biltzea izango da.

Ekimena 13:00etan hasiko da, ibilgailuaren aurkezpenarekin eta Kresaltsu taldearen animazio musikalarekin. 13:30etatik aurrera, 16:00ak arte, talo solidarioak eskainiko dira 3 euroren truke. 16:00etan irekiko dira frontoiko ateak eta 16:15ean ADELA Bizkaia elkarteak aurkezpen instituzionala burutuko du. Ondoren, Kurutze Dantza Taldea, Ekidazu Abesbatza eta AcordeOn taldeak arituko dira. 17:00etan, Gora Herria taldeak joko du, eta 19:00etan Kartzarot taldeak emango dio amaiera egunari, kontzertu solidario baten bidez.

Frontoiko ekintzetan parte hartzeko sarrera solidarioa ezarri da, 5€-ko prezioa duten eskumuturrekoen bidez. Hauek kausari laguntzeko zein frontoiko edukiera kontrolatzeko balioko dute. Hauen salmenta hasita dago jada udalerriko merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan, hauek agortu arte. Egunean bertan ere salduko dira frontoian bertan, denak saldu izan ez badira.

Egun osoan zehar ere euro baten trukeko tiketak salduko dira, zozketa batean parte hartzeko. Zozketaren lehen saria Athletic Club-eko jokalariek sinatutako kamiseta izango da, klubak berak emandakoa. Bigarren saria, berriz, Baga-Biga ekoiztetxeak emandako disko eta liburuen sorta izango da.

Joan ezin dutenek, Bizum solidarioaren bidez lagundu ahal izango dute, 03338-ra 5€-ko diru-ekarpena eginez. Egun osoan zehar batutako diru guzti-guztia ADELA Bizkaiari bideratuko zaio. Ekimen honek Lezamako Udalaren, tokiko elkarteen, erakundeen, enpresen eta herritarren babesa du, “denak batera ELAren aurkako borrokarekin bat eginez”, Udalaren hitzetan.