Basamortua zeharkatuz, ikusgarritasuna helburu

Aikor aldizkaria 2026ko urtarrilaren 5a

Oskar Argintxona, Guillermo Jauregi eta Igor Salazar.

ADELA BIZKAIA - RAID CLÁSICOS DEL ATLAS
Oskar Argintxona lagunari ELA diagnostikatu ziotenean, Guillermo Jauregi eta Igor Salazarrek jada aurreikusita zuten auto-lasterketa batean parte hartzea. Hura baliatzea erabaki zuten proiektu solidario bat sortzeko, ADELA Bizkaiarekin batera. Raid Clásicos del Atlas-en 25. edizioan hartu dute parte, gaixotasunari ikusgarritasuna emateko zein honen ikerketarako dirua batzeko.

Guillermo Jauregi, Oskar Argintxona eta Igor Salazar betiko kuadrillako kideak izan dira 14 urtetatik. Parrandan eta bestelakoetan aritu izan dira urte luzez, laguntasun estu bat sortuz. Baina egun batean, haien laguntasunean mugarri bihurtu zen zerbait gertatu zen: Argintxonari ela diagnostikatu zioten. “Hasieran eskuekin arazoak izaten hasi nintzen. Kostatzen zitzaidan botoiak edo lokarriak lotzea. Traumatologoarengana joan nintzen, eta ikusi zuenean eskuan muskulatura galtzen ari nintzela, neurologoarengana bidali ninduen, eta bertan esan zidaten ela nuela”.

ELA, edo alboko esklerosi amiotrofikoa, Nerbio-Sistema Zentralaren gaixotasun neurodegeneratiboa da, giharren ahulezia duena ondorio, eta gorputzean zehar hedatzen doana, gorputza guztiz paralizatu arte. Esan ziotenean, Argintxonak ez zekien zer zen ere: “Nik behintzat, edo haiekin hitz egiten duzun jendeak, entzunda du, Juan Carlos Unzuék (futbol atezain eta entrenatzaile ohia) ikusgarritasuna eman izan dio… baina ez nekien zer zen. Orduan zer zen esan zidatenean… Kolpe handia da”.

Guillermo, Oskar eta Igor lagunak.

Kolpea ez da handia soilik gaixotasuna duen pertsonarentzat, bere inguruarentzako ere bada: “Egun batzuetan, odola geldirik gelditzen zaizu, eta pentsatzen duzu ea zer egin daitekeen”, dio Jauregik. Horretarako, adela Bizkaiak egiten duen lana azpimarratzen dute, izan ere, adela Bizkaiak “bideratu” egiten zaituela diote, pauta batzuk markatuz gaixotasuna ahalik eta modu onenean eramateko, gaixoa zein ingurukoentzat. Batez ere arlo psikologikotik. Horretarako, adelaBizkaiak laguntza azpiegitura bat eraiki- tzen du gaixoaren inguruan, gaixotasuna garatuz joan ahala agertzen diren zailtasunei aurre egiteko.

Hori baita Argintxonarentzat zailtasunik handiena: “Zailtasunik handiena gaixotasunak ekartzen doana da. ela bakoitza ezberdina da, ez daude bi berdin. Orain oinez ibiltzea kostatzen hasi zait, eta horretara egokitzen joan behar zara”. Horretarako, Basurtoko Ospitalean gaixotasunean oinarritutako unitate bat dago, eta bertan Argintxonak dio gaixoak tratatzen dituzten lau mediku mota daudela: arnasketa-medikuak (arnasketa-aparatuari ere eragiten dio gaixotasunak), nutrizionistak, fisioterapia medikuak eta neurologoa.

Gaixoek premia handienarekin behar dutenari buruz galdetuta, Argintxonak argi dauka “fisioterapia laguntza” dela. Izan ere, gaixotasun “oso garestia” dela nabarmentzen du Argintxonak, eta fisioen lan hori haien diruarekin ordaindu behar dutela dio. Hala ere, elkarteak zati bat ordaintzen laguntzen dietela nabarmentzen du.

Parte-hartzea elkartasuna bihurtuz
Jauregik eta Salazarrek antolatuta zuten jada parte-hartzea Marokon ospatzen den Raid Clásicos del Atlas lasterketa amateurrean. Raid honek, gainera, zilarrezko ezteiak betetzen zituen aurten. Azaroaren 28a eta abenduaren 6a bitartean, bikoteak sei etapatan Maroko zeharkatu behar zuen, Atlas mendietara helduz, hauek zeharkatu, eta berriro iparraldera itzuliz.

Argintxonak albistea eman zienean, Jauregik dio ikusi zuela lasterketa eta bestelakoetan ekintza solidarioak antolatzen zirela: “Guk prestatuta genuenez jada hau egitea (Marokora joatea), esan genuen: "Proposatuko diogu adelari eta Oskarri, ea zer iruditzen zaien beraiekin batera egitea proiektu hau", eta hala hasi zen”. Hasieran “sorpresa” bat bezala hartu zuen Argintxonak, baina “oso hunkigarria” izateaz gain, “oso ideia ona” iruditu zitzaion.

Ideia handitzen joan ahala, Jauregik Udalari laguntza eskatu zion, eta Udalak azaroaren 22an ospatutako ekintza antolatu zuen, non taldearen aurkezpenaz gain, musika, talo solidarioak edota kontzertuak izan ziren. Kontzertu horietako bat Kartzarot taldearena izan zen, eta bertan hiru lagunen lagunak hartzen du parte, “kuadrillako laugarrena”, hura izan zela kontzertua antolatu zuena. “Oso hunkigarria” izan zela dio Argintxonak, “denontzat”. Gainera, Jauregik dio Lezamako jendea ez ezik beste herrietako jendea ere hurbildu zela elkartasuna erakustera.

Lasterketari buruz galdetuta, Jauregik dio oso abentura interesgarria dela, “Maroko beste modu batean ezagutzen baituzu”. Paisaia “ikusgarriak” nabarmentzen ditu Jauregik, eta nahiz eta amateurra izan raid hori, “lehiakortasun kutsu” bat ere baduela dio, eta “oso dibertigarria” ere badela. Giro familiarra nabarmentzen du Jauregik: “Orain modan dago Marokon horrelakoak egitea. Eta raid klasikoetan Atlas da edizio gehien dituena. Baina ez da ekipo gehien eramaten duena. Guk pentsatu genuen hau zela egokiena guretzat, azpiegituragatik zein bestelakoengatik”.

Azaroaren 22an Lezaman egindako ekitaldia.

Lasterketan aurre egin behar izan dioten zailtasun nagusiari buruz, Jauregik dio haiek ez dutela izan arazorik. Izan ere, haiek 4x4 kategorian parte hartu dute, baina 4x2 edo turismoen kategorian apurketak eta bestelakoak izaten dituztela dio, “ibilbidea gogorra baita”. Salazarrek dio turismo gehienak basamortuan harrapatuta gelditu izan direla, harea eta bestelakoengatik. Hala ere, Jauregik dio haiek ere behin harrapatuta gelditu direla, baina horrez gain “oso lasai” joan direla.

Ikusgarritasuna helburu
Halako ekintza solidarioek, dirua batzeaz gain, ikusgarritasuna lortzea izan ohi dute helburu. Honen inguruan, Jauregik dio haien ustez “bete-bete” egin dutela hori, izan ere, hainbat hedabideetan agertu izan da proiektua, eta herrian zehar ere, Saretzen elkarteak herriko establezimenduetan egindako lanari esker. Elkarte honek, herriko denda, taberna eta bestelakoetan, kutxak kokatu dituztela dio Jauregik, dirua batzeko. Horri esker, jendeak “Hau zertarako da?” galdera sorraraztea ekarri du, eta jendeak proiektua ezagutzea.

Horrez gain, kolaboratzaile eta enpresen laguntza izan dutela dio Jauregik. Arrigorriagako enpresa bat izan ezik, denek Lezamarekin loturaren bat dutela dio, “gestioa, langileren bat bertakoa delako…”. Erantzuna “izugarria” izan dela diote, batzuek ere “Nola ez didazuela ezer esan?” esan izan dietela: “Metxa piztu genuen eta elkartasunak eztanda egin du konturatu gabe”.

Guillermo eta Igorren parte-hartzea Raid Clásicos del Atlas auto lasterketan (Raid Clásicos del Atlas).

Horrez gain, batutako zifra ekonomikoaren helburua ere aski bete dutela diote, “uste genuena baino hiru edo lau aldiz gehiago”. Izan ere, 25.000€ baino gehiago batzea lortu dute, “Lezama batentzako izugarria” den zifra. Diru guzti hori adela Bizkaiara zuzenean joango dela nabarmentzen dute, haiek bere lanarekin jarrai dezaten.

Etorkizunerako “planik ez”
Proiektua esaldi batean laburbiltzekotan, Jauregik argi du nola laburtuko lukeen proiektu hau “Lezama harro egon behar da erakutsi duen elkartasunarekin”. Eta etorkizunari begira, ez dakite zer egingo duten orain, baina Oskarrek egindako lana azpimarratzen du Jauregik: “Oskarrek lan izugarria egin du. Enpresetara joan, Udalera… Eta horrek burbuila batean sartu egiten zaitu, “Eta orain hau, bestea, kotxea, ez dakit zer…” Eta orain gelditu gara ez dakigula zer egingo dugun. Marokora joan, joango gara. Ez dakit holako proiektu batekin edo ez, baina ez dugu ezer aurreikusita, ikusiko dugu”. Proiektua bukatu egin dela diote barre artean, lan handia burutu ostean.

Zu, irakurle, lagundu nahi izatekotan, lasai, oraindik proiektu honi lagun ahal diezaiokezu. Izan ere, Bizum bidez donazioak egin daitezke 03338 telefonora, eta diru hori zuzenean adela Bizkaiara joango da, proiektu honekin estuki lan egin duen elkartera, hain zuzen.

Bukatzeko, Argintxonak eskerrak eman nahi izan dizkie proiektu honetan parte hartu izan duten guztiei, “bere partez zein adelaren partez”. Lasterketan parte hartu duen bikoteari ere, “ideia zein opariagatik”, nahiz eta Jauregik barre artean esan haiek “ondo pasatzera” joan direla. Proiektu honekin ikusgarritasuna lortu du kuadrilla honek, baina elaren ikerketan edozein laguntza ongi etorria da, oraindik gauza asko baitaude egiteke.