Lezamako Udalak %89,66 handitu ditu inbertsioak 2026ko aurrekontuetan

Mikel Reina Barros 2026ko urtarrilaren 21a

Lezamak 3.680.272,56 euroko aurrekontua onartu du 2026rako, hau da, iazkoarekin alderatuta %8,22 igo dute. Kontuek inbertsio publikoa ezartzen dute ardatz estrategiko nagusietako bat bezala: “Udalaren inbertsio gaitasuna indartzen dute, finantza egonkortasuna arriskuan jarri gabe”.

Hain zuzen ere, Lezamako Udalak %89,66 handitu ditu inbertsioak 2026ko aurrekontuetan. Guztira 241.860 euro inbertituko dituzte. Hori gutxi ez, eta 74.540 euroko kreditu gehigarriarekin indartuko dute bideak asfaltatzeko eta abiadura murrizgailuak berritzeko berariaz bideratua. “Aldaketa hori diruzaintzako gerakinarekin finantzatuko da, udal zorpetzean eraginik izan gabe”, azaldu dute.

Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkateak adierazi du aurrekontuek inbertsio gaitasuna indartzen dutela: “Udal azpiegiturak eta bide segurtasuna hobetzeko beharrezkoak diren jarduketetan aurrera egiteko aukera ematen digu, betiere baliabide publikoen kudeaketa zorrotz eta arduratsu baten bidez”.

Ahalegin handia

Inbertsio ahalegin hau udal azpiegiturak hobetzeko, mantentze lanak egiteko, eraikin publikoak kontserbatzeko eta bide segurtasuna indartzeko jardueretara bideratuko dute. 2026ko aurrekontuan jasotako jarduketa ildoen artean daude auz bideen mantentze eta hobekuntzari lotutako inbertsioak, zoladurak eta zorua berritzea, eta bide segurtasuneko lanak, 150.000 euroko balioa duten abiadura-murrizgailuak instalatuz eta berrituz.

Horrez gain, aurrekontuak hurrengoko sailak ere jasotzen ditu: espaloi aldaketak edo oinezkoentzako pasabide berriak (40.500 euro), eskola publikoko komunen berrikuntza (48.000 euro), argiteria publikoa (10.000 euro), Asua ibaiaren hobekuntzak (18.000 euro), Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO/PGOU) idazketa (48.400 euro), aurrekontu parte-hartzaileak (90.000 euro). Gainera, espazio publikoei lotutako proiektuak ere nabarmentzen dira, adibidez, Mikel Zarate plaza, non etorkizuneko birgaitze-jarduketa bat aurreikusten den ideien lehiaketa baten bidez, Exekuzio Proiektua idazteko oinarri gisa balioko duena (10.000 euro). Era berean, aurrekontuak %6,68ko igoera jasotzen du elkarteei ematen zaizkien laguntzetan, eta %5,01eko igoera Txorierriko Mankomunitateari egiten zaion ekarpenean, “zerbitzu publikoen kudeaketa hobetzeko”.

Gainera, udaletik diote finantza egoera “sendoa” mantentzen dutela. “Aurrekontuak 270.264,32 euroko superabit arrunta aurreikusten du, eta aurrekontu egonkortasunaren, zorpetzearen eta batez besteko ordainketa epearen helburuak betetzen ditu. Horri esker, inbertsio plan honi bermeekin aurre egin ahal zaio, udalerriaren jasangarritasun ekonomikoa arriskuan jarri gabe”.