Zabalik dago haur literaturako 16. Mikel Zarate Sarian parte hartzeko epea

Mikel Reina Barros 2026ko otsailaren 9a

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako sariketan apirilaren 30era arte parte hartu daiteke. Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (6-12 urte bitartekoentzat) euskaraz sortutako kontakizunak aurkeztu daitezke, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.

Hain zuzen ere, antolatzaileen helburua da haurrentzako irakurgai berriak sortu eta idazleen lana bultzatzea. Horrez gain, euskal kulturaren alde “lan itzela” egindako lezamar idazlearen gomuta izan nahi dute. Otsailaren 2an zabalduko dute lanak aurkezteko epea eta apirilaren 30era arte egongo da zabalik. Parte hartzaileek gutxienez 18 urte izan behar dituzte. Neurriari dagokionez, lanek gutxienez 25.000 karaktere izan behar ditu eta gehienez 100.000, hutsuneak barne. Idazlanak udala@lezama.eus posta elektronikora bidali behar dira, bi dokumenturekin: batetik, idazlana bera, egilearen inongo daturik gabe; eta bestetik, idazlanaren izenburua eta egilearen datuak (izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa).

Leire Bilbao Barruetabeñak, Maribel Aiertza Rementeriak eta Xabier Mendiguren Elizegik osatuko dute epaimahaia eta maiatzaren 31 baino lehen jakinarazi beharko dute 4.000 euroko sari bakarraren irabazlea.Epaimahaiaren iritziz gutxieneko kalitateko lanik ez balego saririk ez litzateke emango. Elkar etxeak argitaratuko du eleberri edo ipuin saritua, saria jakinarazten denetik sei hilabeteko epean, behar diren marrazkiez horniturik. Alabaina, idazlea izango da lanaren jabea eta ohiko moduan ordainduko dizkio argitaletxeak egile-eskubideak.