10 hobekuntza eta 210 lagunen parte hartzea

Mikel Reina Barros 2026ko otsailaren 25a

Lezamako Udalak amaitu du aurrekontu parte hartzaileetako prozesua. 210 herritarrek parte hartu dute gazte eta helduen artean. Guztira 90.000 euro bideratuko dituzte bi zatitan banatuta.

Hamar dira 2026an aurrera eramango dituzten proiektuak, 70.000 euro helduen proposameneterako bideratuko dituzte eta 20.000 gazteenentzako. Helduen kasuan, hurrengokoak dira gauzatuko dituzten sei proiektuak: BI-737 errepideko oinezkoentzako pasabideen argiztapena hobetzea Iberres eta La Cruz artean, Udaletxearen atzean dagoen parke estaliaren alboak jartzea eta kiroldegiko aldagelen gunean estalkia jartzea, La Cruz umeen parkearen argiztapena hobetzea, Kultur Aretoan film proiekzioak egitea eta Lapiko parkean iturri bat jartzea

Gazteen kasuan, lau proposamenek lehentasuna izan dute, aisialdian eta topaketa guneetan zentratuta: Urteko beste garaietan ere erabilgarri izango den Gabonetako PIN antzeko jolas parke bat jarriko dute, kanpoan film proiekzioak egingo dituzte, Gaztelekuan bozgorailuak eta seinaleak instalatuko dituzte, eta iturri bat jarriko dute Gozo Gozo Lohitzunen inguruko plazan.

Udaletik aurrekontu parte hartzaileek izandako “erantzun positiboa” nabarmendu dute. Prozesua “baliabide egonkor gisa” finkatu dela diote eta herritarren parte-hartzea ziurtatzen duela udal kudeaketan. “Prozesu honek gastu publikoa ekintza zehatz eta ikusgarrietara bideratzen laguntzen du, herritarrek identifikatutako lehentasunekin bat etorriz”.

Hainbat bide

Botoak hainbat kanal bidez egin ziren, herritar guztien “parte-hartzea errazteko”. 87 inkesta online jaso dituzte, 68 kalean teknikarien bidez bildu dituzte eta 55 udal puntuetako kutxetatik jaso dituzte. 18 urtetik gorakoen artean 164 boto erregistratu dira.

Gehienak online egin zirela esan dute, nahiz eta presentzialeko parte-hartzea ere “garrantzitsua” izan zen auzoetan eta udal ekipamenduetan. Emakumeen parte hartzea gizonezkoena baino handiagoa izan zen, 99 emakume eta 65 gizon parte hartu dute. Gazteen artean, 10 eta 17 urte bitartekoen tartean, 42 parte hartze zenbatu ziren. Talde honetan ere neskek nagusitasuna izan zuten.