Lezamako Udalak herrian emandako eraso matxista salatu du

Mikel Reina Barros 2026ko martxoaren 10a

Lezamako Udalak erantzun instituzional publikoa atera du herrian gertatu berri den eraso matxistaren aurrean. “Argi eta garbi” gaitzetsi ditu erasoak biktimarekiko eta bere ingurunearekiko “laguntza eta hurbiltasun guztia” erakutsi dute, baita “baliabide guztiak” eskura jarri ere.

“Azpimarratu nahi dugu indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria dela, eta lehen mailako arazo soziala, emakumeen eta LGTBIQA+ kolektiboko pertsonen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkakoa”. Horregatik, Lezamako Udaletik beraien konpromisoa berretsi nahi izan dute “indarkeria matxistarik gabeko bizitza bermatuko duten politika onuragarrietan lan egiten jarraitzeko”.

Horrez gain, nabarmendu dute ez dela “kasu isolatu bat”: “Gure gizartea egituratzen duen sinesmen sistema batean oinarritutako jokabide eta balio sare baten parte da, emakumeek gizonekiko duten mendekotasunari eusteko eta gizarte honetan beste adierazpen eta portaera modu batzuk ez ahalbidetzeko”.