“Hitzez azaldu ezin dudan esker ona daukat”

Mikel Reinas Barros 2026ko apirilaren 1a

a: Aner Mentxaka Alvarez

Pedro Mari Goikoetxea Linaza · Kazetaria
40 urte baino gehiagoko ibilbidearen ostean, jubilatu berri da lezamarra. Martxoaren 15ean jubilatu zen ofizialki, zelan ez, boxeoari lotutakoa izan da bere azken jarduna: Kasilla kiroldegian jokatutako Europako Txapelketa izan zen bere azken egitekoa.

Dagoeneko egin zara jubilatuaren bizitza famatura?
Derrigorrez hartu beharreko oporrak izan ditut aurretik, gaixorik egon naizelako.  Beraz, trantsizioa egin ahal izan dut. Gainera, ETBko kirol sailean belaunaldi aldaketa bizi dugu eta sarritan pentsatu dut: “Zer egiten dut nik nire seme-alaben adinekoekin!”. Edozein modutan, orainarte ez dut jubilazioaz pentsatzeko asti gehiegirik izan, alde batetik, azken egunera arte izan dudalako zereginen bat esku artean eta, bestalde, bazkari, omenaldi eta agurrekin entrenenituta ibili naizelako. Etorkizunari begira ez daukat plan zehatzik. Gehien gustatzen zaidana egingo dut: eskatzen duenari lagundu. Beste zerbait ere bururatuko zait seguru, batez ere euskarari lotuta. Jubilatzea ez da zeharo erretiratzea.

Nondik datorkizu kazetaritzarekiko sen hori?
11 urtera arte Goitioltza auzoko eskolan ikasi nuen, denek elkarrekin ikasten genuen, garai horietan mutilak bakarrik, noski. Gero, nire gurasoak erabaki zuten Seminariora ikasten bidaltzea. Eskertuta nago bide hori hartu izanagatik, bertan ikasi dudalako dakidan gehiena. 7 urte egon nintzen eta azken urtera arte ez nuen erabaki zer egin, zalantza asko izan nituen. Kazetaritza, gainera, urte horretan hasi zen gurean. Nire kurtsoko bizpahiru sartu ginen kazetaritzan.

“Gehien gustatzen zaidana egingo dut: eskatzen duenari lagundu, euskararen arloan batez ere”

Bilboko Herri Irratian eman zenituen zure lehen pausoak.
Kazetaritza ikasten hasi eta gutxira Herri Irratian ofizioa ikasten hasteko aukera eman zidaten eta 20 urterekin kontratu fijoa egin ere bai. Txorierriko albisteak ematen hasi nintzen domeka goizetan. Gero, ordezkapenak ere egiten nituen. Adibidez, Adolfo Arejitak ‘Bertsolarien Txokoa’ izeneko saioa egiten zuen, baina soldadu- tzara joan zen eta nik hartu nuen bere tokia. Gero, FMn euskarazko programazioa egiten hasi ginen Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin eta bertako arduraduna izan nintzen bizpahiru urtez. Denetarik egin izan nuen. Deustuko Hizkuntza Eskolan ere euskarazko klaseak ematen nituen.

1983an ailegatu zinen EITBra.
Apirileko azken egunetan, zehazki. Hasieran, irratiko oposizioetara aurkeztu nintzen, ez nuen telebistaz ezer jakin nahi. Irratia ezagutzen nuen eta horregatik egin nahi nuen lan bertan, baina telebistan lan egiteko konbentzitu ninduen. Euskal Telebista Hanburgoko (Alemania) Hanburgo Estudios enpresak montatu zuen. Iurretan hasi ginenean, Alemaniako ingeniariak zeuden dena begiratzen. Kazetari, tekniko edota produktore asko joan ziren Hanburgora telebistaren nondik norakoak ikastera. EITBko nire txartel zenbakian 153 jartzen du, beraz,  lehenengotarikoa ere ez nintzen izan. Hasieran, gauza gutxi zeuden: ‘Gaur Egun’ albistegia, marrazki bizidunak eta ezer gutxi gehiago. Albistegia aurkeztea ere tokatu zitzaidan. Haze estualdiak pasatu nituen! Gorbatari korapiloa egiten ere ez nekien.  Dena den, gehien bat, berri-emaile lana egiten nuen orduan. Gogoan daukat eman nuen lehen albisteetako bat. Galdakaoko ‘Explosivos Rio Tinto’ enpresan leherketa bat izan zen eta bertara joan behar izan nuen. Kirol emanaldiei dagokienez, maiatzaren hasieran Gernika-Lumoko Santa Luzia futbol zelai zaharrean jokatu zen Euskadi-Gales errugbi partida izan zen. Betidanik kirolzalea izan naiz, baina justu errugbiari buruz ezer gutxi ezagutzen nuen. Gorriak eta bi ikusi nituen. Askotan diot tentazioa izan dudala artxiboan dagoen grabazioa ezabatzeko. Lotsagarria.

Boxeo borrokaldi bateko emankizunean


Hastapenetan, dena egiteko zeneukaten, ezta?
Bai, hori da. Hasi eta urtebetera kiroletako erredakzioa sortu zuten eta azterketa egiteko aurkeztu nintzen. Kiroletako arduradun izan nintzen hiruzpalau urtez. Erredakzioa osatu eta antolatu beharra zegoen, kirol eskubideak lortu eta gainera, kirol saioak egin.  Errazago da esatea zer egin ez dudan, zein kirol eman dudan baino. Curlinga edo, akaso. (Barrea…) Kirola gogoko izatea gauza bat da, baina ezagutzea beste kontu bat da. Hainbat urte geroago, berriro kiroletako zuzendari izan nintzen 2000tik 2007ra. Jarraian, kirol emanaldien arduradun, lehen neukanaren zati bat besterik ez zen.

Hau da, EITBren bilakaera guztia bizi izan duzu.
Aldaketa ikaragarria izan da, gizartean eman den modukoa. Anekdota bat, ulertu ahal izateko. 1984an, aro berriko Athleticen bigarren ligan, ‘Kirolez Kirol’ saioa gaueko 22:00etan egiten genuen. Saio erreferentea zen. Guk ezagutu dugun gizartean bi kate bakarrik zeuden. ETB1 izan zen hirugarrena gurean, beste inon ez zegoen horrelakorik. Futbola ikusteko aukera bakarra futbol zelaira joatea zen, gainera, garai hartan partida guztiak domeketan 17:00etan jokatzen ziren. Ligako azken-aurreko partida Athleticek Valentzian jokatu behar zuen, eta hori irabaziz gero, azkena San Mamesen Realaren aurka. Irabaziz gero, Athletic txapeldun. Hau da, Valentziako partidua hain zen garrantzitsua erabaki genuela laburpena gaueko saiorako izan behar genuela nahi ta nahi ez. Horretarako, ez zegoen beste biderik zinta aerotaxi baten ekartzea baino. Saioaren babesleak, Petronorrek, ordaindu zuen bidaia. Gaur egun, mobilarekin dena daukazu eskura, berriemaile izan zaitezke munduko edozein tokitan. Pentsa, teknologiak zer nolako eragina izan duen. Denak bezala gauza onak eta txarrak ditu. Konpetentzia ere askoz txikiagoa zen, balioa, ordea,  bestelakoa zen,  ordura arte inork ikusi gabeko irudiak sartuko zenituela. Beste mila aldaketa eman dira, teknologiak ekarritakoak gehienak. Jendearen portaera, pentsaera edota kontsumitzeko era ere aldatu da, dena.

Belaunaldi aldaketa ematen ari da EITBn: zu zeu, Felix Linares, Jose Ituarte, Roberto Moso, Jorge Cerrato…
Belaunaldi aldaketak seguru aldaketak ekarriko dituela. Orain arte zubi lana egin dugu lankide berriekiko. Teknologiak eta gizarteak ere baldintzatutako aldaketak dira. Nire kasuan, eta kasu honetan ez nabil EITBren inguruan hitz egiten, oro har gizarteaz baizik, bai nagoela kezkatuta euskararen ikuspegitik begiratuta. Belaunaldi berriek euskara aldetik eragozpen handiak dituzte. Batetik, ez dutelako erabiltzen, eta bestetik, hizkuntzaren aberastasuna galdu dutelako. Erronka handia daukagu hor. Sarritan kontrakoa pentsatu genezaken arren, adibide bat jarriko dizut: Kopako Real-Athletic partiduak  %11,5eko ikusle kuota izan zuen ETB1en, eta %38,2koa La1n. Hori da gizartearen ispilua. Horrekin dena esanda dago nire euskararen kezkarekiko eta gizartearen portaerarekiko, ez dago besterik. Datuak hor daude.

2023an Frantziako Tourreko lehen etapetako batean EITBko lankideekin


Zelan ikusten duzu EITBren egoera? Baita euskararen aldeko apustu horretatik hasita ere.
Erreza da esatea ETB2n gehiago gastatzen dela ETB1en baino, baina nik neuk ez daukat daturik. Badakidana da bi kanaletan 24 orduko programazioa dagoela. EITBko zuzendaritzak ez du erabakitzen jendeak zer ikusi behar duen. Hori bakoitzaren hautua da. Argi dagoena da, ETB1eko saioek audientzia hobeak izango balituzte, diru gehiago gastatuko luketela horretan. Audientzia bikainak dituzten saioak ez dira kentzen. Erdibide edo oreka aurkitu beharra dago, baina ez da erraza. Gurean egindako saioak dira guztiak. Bere momentuan ‘Goenkale’k, adibidez, itzelezko arrakasta izan zuen, horregatik egin ziren hainbeste kapitulu. Kirolak, orokorrean, ondo funtzionatzen du. Eskupilota da eredu. Duela 30-40 urteko edo gaur egungo partida batek ez dute zer ikusirik. Hasieran, pelota ez zen ikusten, frontoiak toki ilunak ziren eta hormak zikin egoten ziren pelotakaden eraginez. Sekulako ahalegina egin zen pilota ikusi ahal izateko, udalekin hitz egin kolorea aldatzeko, argi gehiago jartzeko eta abar… Orain, EITBri esker, munduan erakutsi ahal izateko moduko kirola bilakatu da. Miraria ematen du, baina lan handiaren ondorioa da. Estropadekin ere antzeko zerbait gertatzen da, orain dronak, mikrofonoak eta kamera txikiak erabiltzen dira. Itsasoak eta arraunak duen erakargarritasunaz gain, teknologia aldetik baliabide guztiak jarri dira. Hainbeste urtetan ekinaren ekinez lortu da. Txirrindularitza beste adibide eder bat izan daiteke. ETB izan zen Espainiar Estatuan bere medioekin txirrindularitza ematen hasi zen lehen telebista. Aspalditik Itzulia guk emititzen dugu eta seinalea mundu guztira zabaldu.

Alde horretatik, ez dizu pena ematen 34 urteren ostean, eta zure jubilazioarekin batera, ‘Boxeo Izarrak’ saioari jarraipena ez ematea?
Uste dut amaitzeko momentua zela hainbat arrazoirengatik. Lehen esan duguna, jendearen kontsumitzeko modua aldatu egin da, boxeoaren garairik oparoenean hasi ginen. Aurretik ere emankizun solteak eskaintzen genituen, lehendabizikoa 1984an Kasillan jokatu zen Espainiako Txapelketa bat izan zen, Andoni Amaña eta Jose Lozanoren artean. Bariku gauetako ‘Supermatch’ saioan proposatu nuen noizbehinka borrokaldi bat sartzea. 1991ko udan hasi zen ‘Boxeo Izarrak’, boxeolari historikoen inguruko programekin. Garai hartan, konpetentzia gutxiago zegoen eta zaletasun handia, batez ere nagusienen artean. Gero, pixkanaka, futbolarekin gertatu zitzaigun bezala, gaur egun dena aurkitzen duzu Interneten eta publikoak ere bestelako kontsumitzeko modu bat dauka. Futbolean, astero ematen genuen partidu bat, Txapeldunen Ligakoak ere bai zenbait urtetan, baina aspalditik ordainpeko kateen esku dago.  Eta EITBk ez dauka aurrekonturik horri aurre egiteko. Boxeoan ere borrokaldiak lortzea gero eta zailagoa da, are gehiago gero gauerdian emititzeko badira. Zaleak bestelako bideak ditu, nahi duenean ikusi ahal izateko. Orain, asmoa da, nire azken emankizunean bezala, Euskal Herrian egiten diren boxeo saiorik interesgarrienak ematea eta euskal boxeolarien jarraipena egitea.

“Gaur egun, mobilarekin dena daukazu eskura, berriemaile izan zaitezke munduko edozein tokitan”

Bide guzti horrengatik, otsailaren 28an omenaldian jaso zenuen Baserri Antzokian. Halakorik espero zenuen?
Erabat ezustekoa izatea gaitza da, nahiz eta lan isil on handia egon den. Urtarrilean lagun batek esan zidan otsailaren 28an bazkari bat egiteko asmoa zuela. Gero, konturatu nintzen egun berean Rayo-Athletic partida zegoela 14:00etan eta biok ikusi nahiko genuela. Barikura aurreratzeko esan nion, baina ezetz zapatu arratsaldean pasatuko zela nire bila. Orduan zerbait gehiago zegoela antzeman nuen. Badaezpada bertso bat prestatu nuen habanera doinuan kantatzeko. Ezin nintzen esku hutsik joan.

Otsailaren 28ko omenaldia, Iñaki Perurenarekin Baserri Antzokian.


Zelan bizi izan zenuen omenaldia?
Lotsa ikaragarriarekin. Ez zaizkit horrelakoak gustatzen inondik inora, ez dut gustuko protagonista izatea. Sartu, eta alde bitan jarrita 100 pertsona baino gehiago, txaloka eta guzti. Bideoak, opariak eta denetarik egon zen. Lotsaz gain, oso eskertuta nago. Batez ere ikusita zenbat eta nortzuk etorri ziren eta omenaldia ezin hobea izan zen. Hiruzpalau egun eman ditut guztiei eskerrak ematen, mezuak idazten edota deiak egiten nire esker ona adierazteko. Lagunei esaten nien: orain nire sentsazioa da guztiekin zorretan nagoela, hainbeste jaso ostean. Esan didate gonbidatu zituzten guztiek baiezkoa eman zutela, bestelako konpromisoengatik etorri ezin zirenak izan ezik. Hala ere, horien mezuak eta deiak ere jaso izan ditut.

Denbora pasata, eta orain jubilatuta, pentsatzeko denbora gehiago duzula, ondorio edo hausnarketarik egin duzu?
Egia esan, larregi ez. Aste beteren barruan, bi omenaldi edo despedida izan ditut. Bata, Baserri Antzokian egindakoa eta bestea, lankideena. Biak zoragarriak izan ziren, apartak. Hitzez azaldu ezin dudan esker ona daukat eta aldi berean jende guztiarekin zorretan nagoenaren sentsazioa. Ezetz esaten didate, nik egindakoaren ordaina dela. Baina nire sentsazioa, ez dudala hori merezi, eta zorretan dagoena ni naizela. Pribilegiatua izan naiz eta hori baino gauza hoberik ez dago.  Nolanahi ere, ez diot buelta gehiago emango. Nire bertsoan esan nuen bezala, “eskatu barik hartzea, horixe da zoriona”.