Hasteko, zelan joan da ‘Ateosteko’ bira?
Oso pozik nago, nire aurreikuspen guztiak apurtu eta gainditu dituen bira bat izan da. Disko bat atera eta taldearekin egiten dudan biraren ostean, gustuko dut bidea ematea normalean egiten ez ditudan kontuei. Adibidez, Alos Quartet taldearekin ere ibili izan naiz Ahots kordak izeneko proiektua lantzen eta kontzertuak ematen. ‘Ateosteko’ bira hau bakarrik egin izan dut, baselizetan edota ermitetan. Uste nuen bira puntual eta txiki bat izango zela, baina azkenean dimentsio eta gorputz handia hartu duen bira izan da. Asko gozatu dut, paraje zoragarrietara eraman izan nau. Azkenean, ezustean, bira handi batean bilakatu da.
Zu pozik, eta jendeak zer esan dizu, zelangoa izan da harrera?
Hemen ere harrituta nago, eliza guztiak bete egin dira eta entzuleek oso pozik amaitu dutela esan didate. Azken kontzertuetan jendea zutunik amaitu du, ez da ohikoa izaten. Gitarra eta biok gaude bakarrik, eta hauskortasun horretan, uste dut jendearengan urrunago eta barrurago sartzen direla abestiak. Giro gertukoago bat sortzen da. Magia berezia sortzen da horrelako espazioetan. Jendea hunkituta amaitu du kontzertua, eta niri ere heltzen zait hunkitasun hori.
Zergatik erabaki duzu ermita, baseliza edota elizetan kontzertuak ematea?
Orain dela urte batzuk Lezaman jo nuen lehen aldiz eliza baten, eta hasiera batean arraroa egin zitzaidan euskara elkartearen proposamena. Kontzertu horren ostean, oso gustura geratu nintzen, espazioak kantak beste modura batera jotzera eta abestera gonbidatzen ninduen. Inprobisaziorako tarte bat aurkitu nuen, ahotsarekin gauza desberdinak egitera. Eta horrelako espazioak ustiatu behar nituela konturatu nintzen. Ideia horretatik tiraka, elizak zentro diren bira bat antolatzeko ideia etorri zitzaidan burura. Iparraldean, esate baterako, ohitura handia dago horrelako espazioetan kontzertuak ematea. Lezamako lehen kontzertuaren ostean izandako ideia bat izan da.
“Urte amaierarako, oraindik ez dakit zehazki noiz, baina kanta berriekin itzultzea espero dut”
Zer aurkitzen duzu horrelako espazioetan? Agian beste batzuetan ez dagoena.
Materialak, egurra edota harria, rever naturala sortzen dute, ahotsari eta gitarrari bakarrik asko laguntzen diotena. Beharbada baxuaren edo bateriaren tonuak galdu egingo ziren, baina ahotsarena eta gitarrarena babestu eta indartu egiten dira. Gainera, gertuko giro bat sortzen dela nabarmenduko nuke, jendea oso parte hartzaile sentitu izan dut. Agian tokiak duen espiritualismo horrengatik, nahiz eta kontzertuak ez diren horrelakoak. Proposamenak ez dauka erlaziorik erlijioarekin. Nire ibilbideko kantuak abestu ditut, ohiko kontzertuetako formatua mantendu dut. Nire kantaerak eta kantuek izan dezakete zati espiritual bat horrelako lekuetan indartu egiten dena. Ez dakit zer den zehazki, zaila egiten zait azaltzea, baina sentitu dudan zerbait izan da. Horrez gain, oso sentsazio kontraesankorra dirudien arren, elizetan ni bakarrik gitarrarekin abesten nagoenean sentitzen dut edozein momentutan erori ahal naizela. Hari baten gainean oreka mantentzen nagoela sentitzen dut. Oso hauskor sentitu naiz, baina aldi berean, espazioak eusten nauela sentitu dut, olatuaren gainean egongo banintz bezala. Indar eta energia ez-ohikoa izan dut, oso interesgarria izan da sentipen horiek izatea oholtza gainean.
Gainera, orain elizarekiko atxikimendua gero eta baxuagoa denean, hor ere kontraesana dago: zuk, erlijioak aspaldian ez bezala, elizak bete dituzu.
Ateosteko bira hau elizetan egiteko erabakia hartu nuenean, lehen aipatutako arrazoi guztiez gain, ere bazegoen horrelako espazioak herritartatzeko helburu bat. Horrelako kontzertuetarako toki ezin aproposagoak dira. Herriak erabili behar dituen espazioak direla uste dut, herriaren mesedetan jarri behar direla. Herriak berreskuratu behar dituen espazioak dira, bere kultu tokiaz gain, edozein herritarrek erabili ahal izateko. Edozein espresio kultural edo artistiko islatzeko tokia izan beharko litzateke.
Beraz, ez da kasualitatea izan Lezama aukeratu izana bira amaitzeko.
Bai, hori da. Bira guztiak bezala amaiera bat eman behar zitzaion, eta oso polita iruditzen zitzaidan elizetan jotzeko ideia inspiratu zidan tokira itzultzea. Ilusio berezia egiten zidan zirkulua osatzea. Hurrengo hilabete luzeetan sorkuntza lanean murgildu nahi dut bete-betean, orain arte ibili naiz, baina esklusiboki jarriko naiz buru-belarri. Abestiak sortzera bideratu nahi dut nire denbora guztia. Urte amaierarako, oraindik ez dakit zehazki noiz, baina kanta berriekin itzultzea espero dut.
Aldaketa nabaritu duzu Lezamako lehen kontzertu horretatik aurtengora?
Bai, zelan ez. Eliza baten jo nuen lehen aldia zen, eta ez nekien espazio horrek zelan eragingo zuen nire proposamenean. Orain, banekien nora nindoan eta zelan eragingo zuen nire musikan. Horregatik, abestien aukeraketan eta gitarra jotzerakoan egindako aldaketak bide horretatik joan dira. Guztia joan da espazioaren eta musikaren alde. Horrelakoetan, esperientziak asko balio du.

