Lezamako Txakolin Eguna dagoeneko erreferente da, ez bakarrik Txorierrin, baita bestelako inguruetan ere. Ekaineko lehen domeka egutegian gorriz markatutako eguna da. Ez da gutxiagorako ere. Aurten, askotariko produktuen 36 postu jarriko ditu udalak, BBKren babesaz: eztia, gazta, barazkiak, kontserba… dena txakolin onenarekin dastatzeko. 15:00etan itxiko dituzte postuak.
Aurten, Iñaki Lekerika Bidaurrazaga arduratuko da kortxoa ateratzeaz, “oso eskertuta” agertu da herriak emandako aukeragatik: “Urteroko zerbait da herriko txakolindegien artean banatzen dugu, eta aurten niri egokitu zait. Gauza polita da eta gozatuko dugu”. Eguraldiaren menpe egoten dira denak ala denak, “eguzkia badago jende gehiago etorriko da”, dio Lekerikak. Hain zuzen ere, berak ere uste du Txakolin Eguna “egonkortuta” dagoen hitzordu bat dela.
Txakolina edan eta postuak bisitatzeaz gain, Txakolin Egunak beste askotarako aukera ematen duelako. Adibidez, Kurutze dantza taldeak kalejira eta dantza ikuskizuna eskainiko du, umeentzako tailerrak osatuko dituzte udaletxeko atzealdean, Arkaitz Estiballesen bertsoak ez dira faltako, ezta Taberna Ibiltariaren emanaldia. Horrez gain, Ekidazu Abesbatza izango da bere 25. urteurrenean 2026. urteko Lezamako Txakolinaren enbaxadorea.
Egitaraua:
- 11:00: Kurutze Dantza Taldeko kalejira.
- Jarraian: Dantza agerraldia, Euskaldun Berria plazan.
- 12:30: Kortxo ateratzea, brindisa eta 2026 urterako Lezamako Txakolinaren enbaxadorearen izendapena: Ekidazu abesbatza bere 25. urteurrenean.
- Jarraian: Herriko Ekidazu Abesbatza eta bertsoak Arkaitz Estiballes bertsolariarekin.
- 15:00: Taberna Ibiltaria.