Hasteko, zelan hasi zinen ardi moztaile lanetan?
Errigoitiko Bizkaigane Elkartean hasi nintzen lanean, bertan behiak, ardiak eta bestelakoekin lanak egiten dituzte. Egun baten ardi moztaile profesionalak etorri ziren ikastaro bat egitera eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Aurretik, etxean eta lagunartean artaziekin ardiekin ibiltzen nintzen, baina profesionalekin harrituta geratu nintzen eta bide horretatik ekin nion nire ibilbideari. Beraiekin ikasi nuen.
Eta hastapen horietan, pentsatzen zenuen noizbait Euskal Selekzioa ordezkatuko zenuela Munduko Txapelketa batean?
Ez. Inondik inora ere. Ez zegoen nire planetan.
Eta zer suposatu du zuretzako aukera hori izatea?
Oso berezia izan da. Azkenean, istripu batengatik ezin izan dut parte hartu, baina nirea bezala sentitzen dut. Gainera, prozesu osoan bizitakoa ikaragarria izan da. Lehiatu ez, baina gainontzeko taldekideak animatu eta lagundu ditut, beraz, beste modu batean, baina parte hartu dut. Ohore bat izan da niretzako Munduko Txapelketa batean Euskal Selekzioko ordezkari izatea. Lanaren poderioz lortutakoa izan da. Ilusioa izan da nagusi. Azkenean, parte hartu ezin izan banuen ere, bide guztiarekin oso pozik nago. Nahiz eta ardiak moztu ez, euskal ordezkari bezala sentitu naiz.

Munduko Txapelketan parte hartu arte, bidea eta prozesua luzea izan da.
2023an lortu zuen Euskal Herriko Ardi Moztaileen Selekzioak ofizialtasuna. Aurreko Munduko Txapelketa Eskozian jokatu zen eta bertara Joseba Attard Euskal Ardi Moztaileen Elkarteko (EAME) lehendakariak dokumentu pila bat eraman zituen ezin hobeto antolatuta Euskal Selekzioaren ofizialtasuna lortzeko. Beste selekzioen aurrean aurkeztu zuen eta aho batez onartu zuten Euskal Herriko Selekzioak hurrengo Munduko Txapelketan parte hartuko zuela. Aurten, berriz, Munduko Kontseiluan sartzea lortu du Euskal Selek- zioak, hau da, hitza eta bozka izango du erabakietan. Bestetik, noizbait Munduko Txapelketa bat antolatzeko aukera ere daukagu.
“Lehiatu ez, baina taldekideak animatu eta lagundu ditut, beraz, beste modu batean, baina parte hartu dut”
Eta hor hasi zen sailkatzeko prozesua?
Ordezkariak hautatzeko ardi-moztaileen liga bat sortu zen, bi lehiaketaz osatuta, Frantzian osatu zirenak. Bertatik aterako zen Munduko Txapelketarako lehen ordezkaria. Bigarrena, lehen aldiz antolatu zen Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketako irabazlea izango zen. Ilusio eta lan ikaragarria egon da atzean. Lehen aldia da Euskal Selekzioak bertako herrialde guztiak elkartzen dituen txapelketa batean parte hartzen duena. Zazpi herrialdeak, guztiak, elkarrekin. Egia da Iparraldekorik ez zela sailkatu, baina bai, adibidez, Nafarroakoa. Abadiñon, guraizeekin lehen postuan amaitu nuen eta makinarekin bigarren. Ligan, ordea, guraizeekin zein makinarekin txapeldun izan nintzen. Gero, erabaki nuen guraizezko nire postua beste lagun bati uztea. Aukera nuen bi modalitateetan parte hartzeko, baina beste parte hartzaile bateri uztea erabaki nuen. Makinarekin konfiantza ikaragarria daukat nire buruarengan eta guraizeekin badaukat ere, baina ez da hainbesterakoa makinarekin alderatuta. Azkenean, makinazko bi moztaileak Mikel Etxebarria eta biok izan ginen, guraizezko bi moztaileak Ipar Arrinda eta Josu Ekisoain, bi artilariak Janire Artabe eta Mikel Velasco eta taldeburua Joseba Attard.
Zer sentitu zenuen 2025eko iraileko Abadiñoko lehen txapelketa hartan?
Giroa izugarria izan zen. Mundu osoan zehar txapelketa askotan egon naiz, parte hartzen zein ikusten, eta Munduko Txapelketa bera bakarrik jarriko nuke Euskal Herriko lehen Txapelketan sentitu nuenaren parean. Munduko Txapelketa bat bezalakoa izan zen, baina formatu txikiagoan, geure modura eginda. Baserri munduaren gorazarre bat izan zen. Harrera ikaragarria izan zen herritarrengandik. Oso hunkigarria izan zen.
Abadiñotik. Golden Shears World Championship txapelketara, Mastertonen, Zeelanda Berrian.
Hilabete bat lehenago joan ginen. Nire helburua hiru hilabete lehenago joatea zen, baina kontu pertsonalak medio, atzeratu behar izan nuen bidaia. Munduko Txapelketan Euskal Herria ordezkatzearen pareko prestakuntza bat osatu nahi nuen. Ez nekien berriro munduko onenen aurka indarrak neurtzeko aukerarik izango ote nuen, beraz, ahalik eta ondoen prestatu nahi nuen lehiaketa.
Zeintzuk izan ziren prestaketa lan horiek?
Ardiak, esate baterako, desberdinak dira eta txapelketarako ardi horietara ohitu beharra dago. Horrez gain, forma hartu behar zaie, teknika nahiko unibertsala bada ere, bestelako mugimendu txiki batzuk eskatzen dituzte bertako ardiek, eta horietara ohitu beharra dago, gero txapelketan ahalik eta modurik naturalenean eta azkarrenean atera ahal izateko. Mozterakoan, pentsatzen hasten bazara, emaitza ez da ona izango, natural atera behar da, barrutik ateratzen zaizun bezala. Bakarrik atera behar da.
“Geurea zaindu behar dugu, bertan daukaguna garrantzitsua da ezagutzera ematea onena daukagulako etxe ondoan”
Eta zer topatu zenuen bertan?
Entrenatzea bakarrik nuen buruan, ahalik eta ondoen prestatuta iritsi nahi nuen Munduko Txapelketara. Batzuetan nahi beste entrenatzen nintzen, eta beste batzuetan ez. Azkenean gure lanak hori dauka. Pentsa, hiru hilabete lehenago joatea zen nire lehen ideia. Orduan, bakarrik hilabete bat lehenago joatea eta nahi beste entrenatu ezin izatearekin amorrua ere sentitu nuen. Erlojuaren kontra aritu nintzen, baina azkenean sasoiko eta prest heldu nintzen.
Eta entrenamendu batera zindoazela autoarekin istripu larria izan zenuen.
Munduko ardi moztailerik onenetariko batekin nengoen geratuta entrenatzeko: Jack Fagan. Bere aita historiako ardi moztailerik onena izan da. Euskal Herrira etorri izan da ikastaroak egitera. Pozik nago hemen, bizirik, nagoelako kolpea oso handia izan zelako.
Zer pasatu zitzaizun burutik momentu horretan?
Gogoan daukat istripua gertatu eta jarraian ez nuela ezer sentitzen, adrenalinarekin, ez nuen minik. 10-15 minutura zerbait arraroa sentitzen hasi nintzen besoan, ez nuen minik, baina banekien zerbait ez zegoela ondo. Bikoteari hautatzaileari deitzeko esan nion, ezingo nuela lehiatuz esanez eta ordezkoren bat bilatzeko aukeraz galdetzeko. Azkenean, konpondu genuen eta beste batek hartu zuen nire tokia. Deia egin ostean eta errepideko bazter batean anbulatziari itxaroten geundela, dena etorri zitzaidan behera bat-batean. Orduan konturatu nintzen gertatutako guztiaz. Ospitalera eraman eta ebakuntza egin zidaten: sahietsak, lepauztaia eta besoa birrinduta neuzkan. Hala ere, nire taldekideak animatzera joan nintzen, eta beste modu batera, baina esperientziaz gozatu ahal izan nuen. Euskal Herrira itzulitakoan izan nintzen gehiago kontziente galdutako aukeraz. Pozik nago hemen nagoelako.

Beste 27 herrialdeetako ordezkariekin elkartu zineten, zer sentitu duzue Munduko Txapelketa baten parte hartzearekin?
Denetarik. Azkenean elkargune bat izan da. Lehen esan bezala, ardi moztaileen teknika ia unibertsala da, beti dago hobekuntzara tartea eta beste batzuen xehetasunen bat hartu dezakezu. Dantza bat bezalakoa da. Ez da lehen aldia munduko beste ordezkari batzuekin gaudela, baina bai lehen aldia gure koloreekin gaudela, txapelketa ofizial batean eta guztiok egoitza berean. Hala ere, jende berria ezagutu dugu eta hori oso aberasgarria da. Dena oso arin pasatu zen niretzako, konturatu orduko bueltan geunden. Hurrengorako, berriro parte hartzeko aukera badudan, momentu bakoitza baliatu behar dudala argi daukat.
“Orain niretzako garrantzitsuena istripuaren ostean guztiz osatzea eta nire lana lehen bezala egin ahal izatea”
Dagoeneko hiru urte barrurako Australiako Munduko Txapelketan daukazu burua? Arantza geratu zaizu?
Egia esan, ez. Orain niretzako garrantzitsuena istripuaren ostean guztiz osa-tzea eta nire lana lehen bezala egin ahal izatea da. Gaurkoaz gozatu beharra dago, biharkoa helduko da eta aurre egingo diogu. Nire ilusio nagusia gaur egun errekuperazioa da, pixkanaka hasi naiz berriro lanean, baina oraindik minak eta mugak ditut mugimenduetan. Behar bezala osatzekotan, oraindik urrun ikusten dut 2029. urtea. Kanpotik ikusita agian ez zait hainbesterako nabaritzen, baina mugikortasun eta indar arazoak ditut oraindik besoan. Horrez gain, ostera ere sailkatu beharko nintzateke eta zaila da iazko lorpen guztiak errepikatzea, dena ondo atera zitzaidan. Gainera, Munduko Txapelketan parte hartzeko nire onena eman beharra daukat, ez dut beste biderik ulertzen. Horretarako, ondo entrenatu behar dut, ardi asko moztu eta hala ere, ez dakit nire lehengo mailara iritsiko naizen. Ahaleginagatik ez da izango.
Prozesu guztia bizi ostean, badaukazu sentsazioa ardi moztaileei ez zaizuela behar besteko garrantzia eman, adibidez, pilotako Euskal Se- lekzioarekin alderatuta?
Bai, izan daiteke. Azkenean, pilota mundua askoz ezagunagoa da gurean, telebistan ikaragarrizko indarra dauka. Gure lana gehiago geratzen da itzalean, ofizio bat da. Egiari zor, ez dut telebistarik ia ikusten, eta beraz, ez dut jarraipenik egin, ezta gureari ere. Baserri munduan bai izan duela jarraipena eta lagunek eta ingurukoek asko galdetu digute. Azkenean, Ardi Moztaileen Euskal Selekzioa baserri munduaren eta ardi moztaileen erakusleiho bat izan da, ezagutzera eman du gure lana. Batez ere mundu honekin harreman gutxiago daukan gizarteko zati horrentzako. Nire ustez, beharrezkoena baserri mundu hau da, jana sektore honetatik dator. Ez gara kanpora joan behar Mercosur bezalako akordioekin, geurea zaindu behar dugu, bertan daukaguna garrantzitsua da ezagutzera ematea, onena daukagulako etxe ondoan.