Bete-beteko asteburua Goitioltzan

Mikel Reina Barros 2026ko uztailaren 6a

Goitioltzako jai batzordeak auzoko jaiak ospatuko ditu uztailaren 10etik 12ra. Asteburu bakarrean bete-beteko egitaraua antolatu dute, ohi bezala, betiko ekintzak daude programan, baita berritasun txikiren bat ere.

Uztailaren 10ean, ohi bezala,  umeen jolasekin emango diete hasiera jaiei. Eztanda ofiziala, ordea, 20:00etan emango diote Goitioltzako jai batzordekoek txupinazoarekin. Iluntzean eta gauean musika izango da protagonista dultzaineroekin, DJ Kaktus umeentzako ikuskizunarekin eta DJ Elepuntorekin.

Zalantza barik Goitioltzako jaietako elkargune nagusietako bat paellak dira. Haien inguruan elkartzen dira zapatuan egun osoan zehar auzoan. Uztailaren 11n, 10:00etan, mahai eta aulkien banaketarekin hasiko dira elkartzen. Hain zuzen ere, mahaiak eta aulkiak eskatzeko azken eguna uztailaren 9a da. Mahai batek eta sei aulkik 12 euroko prezioa dauka. Interesa dutenek 660 51 42 30 edo 659 62 47 44 telefono zenbakira deitu behar dute. 13:00etarako eman beharko dute izena paella lehiaketan parte hartu nahi dutenek eta ordubete geroago aurkeztu beharko dute bazkaria. “Asteburuko ekintza nagusia da, jende gehien elkartzen duena. Iaz 35 paella aurkeztu ziren, baina beste asko izan ziren paella egin eta aurkeztu ez zutenak”, azaldu dute Jai Batzordetik.

Ekintzarik ez da faltako jaietako egun nagusian. Hutsik egiten ez duten ekimenak eta berritasunak uztartuko dituzte: Kurutze dantza taldearen emanalditik eta umeentzako ur puzgarrietatik Zorribike eta Zorrizketan taldeek antolatutako toponimia ibilbideetara. Taberna Ibiltariak, Joselu Anaiek eta DJ Reketabek izango dute jai giroa luzatzeko ardura.

Hain zuzen ere, Jai Batzordetik nabarmendu dute musika taldeak iaztik dituztela hitzartuta. Aipamen berezia egin nahi izan diote Joselu Anaiei: “Goitioltza betidanik izan da erromeria plaza, bertora Hegan edota Akelarre bezalako taldeak etorri dira, baita Joselu Anaiak bebai. Horregatik, iraganari keinu bat eginez berriro ekarri nahi izan ditugu, garai horiek berreskuratu nahi izan ditugu. Ilusio handia daukagu auzotarrek horrelako taldeak ikusi ahal izateagatik, dantzan jarri nahi ditugu”.

Egitarauko berritasun nagusia Zorrizketan euskara elkarteak Zorribikeekin batera antolatutako toponimia ibilbidea da. “Konturatu gara askok baserri baten izena esaterakoan ez dakitela auzoko zein den, beraz, ibilbide bat osatuko dugu eta gure inguruko baserriak ezagutuko ditugu”, azaldu dute. Iaz bezala, euskara elkartearen eskutik, bertso txakoli dastaketarekin emango diete amaiera aurtengo jaiei. Aurten, Etxahun Lekuek eta Oihana Bartrak abestuko dute.

Errelebo falta
Auzotarrek egindako jaiak izanik, Jai Batzordean “errelebo falta” sumatzen dute. Azaldu dutenez, azken urteetan jende gazte gehiago sartu bada ere, “parte hartze handiagoa” behar dutela diote asko direlako hogei urte baino gehiago daramatzatenak Jai Batzordean. “Inoiz ez gaude jende nahikoa, beti nahi dugu gehiago. Momentuz gaudenekin aurrera jarraitzen dugu, baina ez dakigu noiz arte”.