Jeuriko iturrirako sarbidea bide publikoa dela dio Lezamako Udalak

Mikel Reina Barros

Argazkia: Gaizka Peñafiel

Lezamako Udalak garatutako txosten juridikoaren arabera, “nahiko froga” daude Jeuri iturbururako sarbidea bide publikotzat jotzeko. Gaur egun itxita dago bidea eta herritarrak horren inguruko informazioa eta azalpenak eskatzen ari ziren. Prozedura ez da oraindik amaitu.

Hala ere, udalak argitu du ikerketarekin jarraitzen duela eta helburua dela bidearen izaera juridikoa zehaztea, “haren izaerari eta hara sartzeko arauei buruz iritzi desberdinak baitzeuden”. Ikerketa prozedura jarri zuten martxan eta alegazioak eta frogak aurkezteko epeak errespetatu dituztela esan dute.

“Froga fasea amaitu ondoren, udalaren txosten juridikoak ondorioztatzen du frogen azterketa sakonak oinarri nahikoak ematen dituela bidearen izaera publikoa ezartzeko”, diote udaletik.

Txostenak jabetzen katastro egoera ere aztertzen du. “Lurrak partikular baten izenean erregistratuta egoteak ez diola eragozten udalari bere ikerketa ahalmenak baliatzea, baldin eta jabetza hori ondare publikokoa izan daitekeela iradokitzen duten zantzuak badaude”.

Frogen balorazioak ez du esan nahi prozedura amaitu denik. Espedientea hamar egunez jarri dute interesdunen eskura; horrela, “egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte, dagokion erabakia hartu aurretik”.

Lezamako Udalak izapide administratiboarekin jarraituko duela adierazi du, berme juridiko osoak ziurtatuz, “interesdunen eskubideak errespetatuz eta objektibotasun, gardentasun eta interes publikoa defendatzeko printzipioekin bat etorriz jardunez”.