Lezamako EAJk Jokin Batiz Lejarza aukeratu du udalerriko Alkatetzarako hautagai, datozen udal hauteskundeei begira. 2019tik Lezamako Udaleko zinegotzia da eta gaur egun alkateorde lanetan dihardu, bereziki Hezkuntza, Kultura eta Hirigintza arloetan.
Batizen hautagaitzak etapa berri bat irekiko du Lezamako EAJrentzat, berrikuntza eta udal esperientzia uztartuz. “Ilusio handiz eta, aldi berean, erantzukizunez hartzen dut erronka hau. Lezama nire herria da; hemen jaio naiz, hemen osatu dut nire familia eta hemen garatu dut nire ibilbide profesionala. Udalean eman ditudan urte hauek aukera eman didate herriaren beharrak are hobeto ezagutzeko, eta uste dut orain esperientzia hori baliatu dezakedala Lezama hobetzen jarraitzeko”, adierazi du.
Datozen urteetarako erronka nagusien artean, etxebizitza eta gazteek beren bizi-proiektua Lezaman garatzeko aukerak nabarmendu ditu. “Lortu behar duguna da gure gazteek etxebizitzarik aurkitzen ez dutelako herritik alde egin behar ez izatea”. Horrez gain, lehentasunezkotzat jotzen du Lezamaren izaera euskalduna indartzea eta euskararen eguneroko erabilera sustatzea. “Euskara herri gisa garenaren parte da. Gure kaleetan, gure harremanetan eta Lezamako eguneroko bizitzan gero eta presentzia handiagoa izan dezan lortu behar dugu. Kontua ez da euskara jakitea bakarrik, erabiltzea baizik, eta horretarako espazioak eta aukerak sortzea”.