Zilarrezko ezteiak, diskogintzan

Aikor aldizkaria 2009ko api. 27a, 08:34

Joseba Gotzon Loiuko kantautoreak 1984. urtean kaleratu zuen lehendabiziko diskoa, Hilargi diskoetxearen eskutik: Gau hotza. Hogeita bost urte pasatu dira ordutik hona, eta ibilbide luze bezain oparoa eduki du. Izan ere, orotara beste bederatzi lan eman du argitara: Inpotentzia (1985), Botere zalantzakoak (1987), Kalapo (1991), Made in Ris (1995), Noegga, historias y leyendas (1999), Nortasuna (1999), Fotopoemak (2003), Gris (2006) eta Padelitis (2007). Azken disko hori KDENETARIK PRODUKZIOAK diskoetxearen bitartez atera zuen; diskoetxea Joseba Gotzonek berak sortu zuen duela urte bi. Beste alde batetik, lan horietako abesti batzuk zenbait irratitako zerrendetan egon direla aipatu beharra dago. Jarduera diskografikoak ezagun egin du herrialde ezberdinetan, eta kantautorea leku batetik bestera ibili da bere lana aurkezten: Georgia (2000), Argentina (2001, 2004 eta 2006), Venezuela (2001), Brasil (2006), Italia (2006), Katalunia (2003-2008) eta Espainiako Estatua (1995-2008), esate baterako. Era berean, eszenatoki eta jaialdiak partekatu ditu izen handiko musikariekin; Luis Eduardo Aute, Loquillo, Javier Krahe, Oskorri, Kortatu, Imanol eta Amancio Prada, euren tartean. Joseba Gotzonekin euskal musika panoramaren artista ospetsuek egin dute lan, zeinek euren ekarpena egin baitiote loiutarraren lanari: Akelarre, Kepa Junkera, Gontzal Mendibil eta Niko Etxart. Horrezaz gainera, musika-produkzio batzuk egin ditu Euskal Herriko zein Kataluniako musikariekin batera. Abesti-bilduma, Durangoko Azokarako Urteurrenaren haritik Joseba Gotzonek birari ekingo dio laster. Birak Euskal Herriko hainbat txokotara ez ezik munduko zenbait herritara ere eramango du: Frantzia, Kroazia, Espainia, Katalunia eta Argentina, besteak beste. Kontzertuetan Itziar Basagoitik (biolontzeloa), Luis Alberto Requejok (klarinetea) eta Pedro Hoyuelosek (pianoa) lagunduko diote; hala ere, Argentinan hango musikariekin egingo du bira. Kantautoreak errepertorio klasikoa eramango du eszenatokietara. Horrela, bere diskoetako abestirik ezagunenak eta onenak aukeratuko ditu jendaurrean jotzeko. Kontzertuak grabatuko dituzte eta abestiak bilduma batean jasoko dira. Bilduma horretan oraindik grabatuta ez duen abestiren bat ere sartuko da. Lana Durangoko Azokarako argitaratuko da, eta 25 izango du izena.