Urtarrilaren 22tik 26 bitartean Saharara bidaltzeko janaria batu da Loiun, bertako Udalak antolatuta. Kultura Arlotik aipatu digutenez, herritarren erantzuna aurreko urteetakoa baino askoz hobea izan da, aurten 485 kg elikagai batzea lortu dute-eta: 143 kg dilista, 135 kg azukre, 29 kg atun eta 178 kg konpresa. Horrezaz gainera, nagusi-oihalak eta enpresa batek emandako arropa ere agindu dituzte. Elikagaiak-eta hil honetan aginduko dira Saharara Euskal Herritik aterako den karabanaz.
Loiu 1999. urtean senidetu zen Bucraa herriarekin, eta harrezkero, tinko eutsi diote errefuxiatu sahararrekin hartutako konpromisoari. Horrela, Saharako hainbat proiektutara 9.000 € bideratzen dute urtero, Euskal Fondo GKEren bitartez. Era berean, Oporrak bakean kanpainan parte hartu eta Euskal Herrira uda pasatzera datozen umeak herriko frontoian hartzen dituzte, hareek destinoko herrira joan aurretik.
Beste alde batetik, udal ordezkari bik errefuxiatuen kanpamentuak bisitatuko dituzte Aste Santuan. Hori urtero egiten duten bidaia da, eta bertakoen egoera ezagutzeaz gainera, laguntza humanitarioa eramatea du helburu. Ordezkariok medikamentuak eramango dituzte Aainuneko probintzian dagoen ospitalerako, eta eskola-materiala Bucraako eskolarako.