Domekan Azoka Ekologikoa egin zen laugarren aldiz Elotxelerri Loiuko auzoan. Azokan 19 ekoizle ekologikok hartu zuten parte, eta aurkeztu zituzten produktuen artean hauek aipa ditzakegu: barazkiak, gazta, sagardoa, ardoa, txakolina, olioa, eztia, mermeladak, hestebeteak, haziak eta landareak.
Eguraldia lagun izan genuen eta oso egun polita irten zen. Bero handiegia egin zuen, beharbada, eta horregatik, izozki-postua arrakastatsuenetarikoa izan zen. Ahuntz-esnezko izozkiak azokaren aurtengo edizioaren nobedadea izan dira, eta Elotxelerrira hurbildu zirenek hainbat zaporezko izozkiak dastatzeko aukera eduki zuten. Horrezaz gainera, pintxoen dastatzea ere egon zen: patata tortilla, oilaskoa ogi arrailetan pasatuta, gazta irasagarrarekin, eta urdaiazpiko eta kalabazinezko biribilkitxoak, besteak beste.