Loiuko gazteek eta nagusiek badute dibertimendurako eta kirola egiteko gune berria. Izan ere, joan den barikuan joko anitzeko kirol-gunea inauguratu zuten herrian.
Azpiegitura hiru eremuk osatzen dute. Lehenengoa gazteei dago zuzenduta, eta bertan areto-futbol, saskibaloi eta voleyball kiroletan aritzeko zelaia atondu da. Bigarrenean aterpe bat eraiki da eta han nagusiek gorputz-ariketa egiteko hainbat joko jarri dira: pedalak dituen bankua, aldapa bat eta eskailerak dituen pasabide bat, edo besoak lantzeko aparatuak, banaka batzuk aipatzearren. Era berean, oinezkoentzako bide bat egin da, bertan footinga egin ahal izateko. Besteak beste, aparatu hauek jarri dira ibilbidearen zehar: horma-barrak, abdominalak indartzeko aparatu bat, eta hanketan eta sorbaldan masajea hartzeko aparatu bat. Proiektuaren barruan, herriko argien sarearen zabalkuntza ere sartu da.
Kirol-gunea Santa Luzia auzoan eraiki da eta lanetan 413.928 euro inguru jarri ditu Udalak.