Jesus Sustatxa eta Luis Gómez loiuztarrek urteak daramatzate herriko historia batzen. Horretarako, argazkiak jasotzen ibili dira eta hainbat ekimenetako irudiak grabatu dituzte. Irudiekin dokumental bi egiteko asmoa dute eta haietan era askotariko gaiak uztartuko dituzte: antzinako eta gaur egungo ohiturak, ospakizunen bilakaera eta herritar xelebreei egindako elkarrizketak, banaka batzuk aipatzearren. Lehenengo dokumentala udazkenerako egongo da prest, eta laster hasiko dira bigarrena atontzen. Hala ere, ez dakite azken hura noiz egongo den kalean, babesleak behar dituztelako, gastuei aurre egiteko.
Baina ilusioz dabiltza lanean eta atzo 35 lagun batu zituzten, bigarren dokumentalean sartuko den Amatxo abestia grabatzeko. Vicente Arteagoitia Loiuko alkatea, udal ordezkariak, elkarteetako kideak eta gaztetxoak izan ziren kantarien artean. Iñaki Basabe gitarra-joleak eta Eneritz Larrañaga trikitilariak ere hartu dute parte grabazioan. Abestia Sustatxak idatzi du, eta bertan aititea galdu duen ume batek Loiuri buruz dituen oroitzapenak azaldu ditu.
Bestalde, Sustatxak eta Gomezek dokumentala egin dute Elotxelerri auzoaren gainean, Arrietane Fundazioaren laguntzarekin. Dokumentalaren aleak maiatzaren 1ean banatuko dituzte, meza ostean.