Larrondoko pilotalekua aste batzuetan izango da itxita

Aikor aldizkaria 2012ko urt. 13a, 11:14
Krisialdiak eragin latza du familiengan, enpresetan zein erakundetan, eta Loiuko Udala ez da salbuespena. Josu Begoña kultura zinegotziak azaldutakoaren arabera, aurtengo aurrekontuak egokitu behar izan dituzte gastuak murrizteko eta horrek, besteak beste, Larrondoko pilotalekuan izan du eragina. Pilotalekua Bizkaiko Pilota Federazioak kudeatu du abenduaren 31ra arte. Bere kudeaketaren truke, Udalak 25.000 euro ordaintzen zion urtean Federazioari eta, gainera, diru-kopuru horri ez ezik beste gastu batzuei ere egin behar zien aurre: argindarra, ura, segurua eta azpiegituraren mantentze-lanak, tartean. Oso aurrekontu handia zen eta Udalak erabaki du Federazioarekin zuen hitzarmena deuseztatzea. “Baina horrek ez du esan nahi pilotalekua behin betiko itxiko denik. Beste kudeatzaile bat kontratatzeko prozesuan gaude murgilduta, eta gaia laster konponduko da. Izan ere, Udalak kudeaketa ekonomiko ona eta egokia egitea du helburu, kostuak gutxitzeko, baina herritarrei kalitatezko zerbitzua ematen jarraituz”. Pilotalekua urtarrilaren 1etik hona dago itxita, “kudeatzaile berria topatu arte legeak hala agintzen duelako”. Begoñaren esanetan, eskaintza asko jaso dituzte eta haiek aztertzen dabiltza. “Laster kudeatzaile berria hartzea espero dugu, eta frontoia aste gutxi barru zabalduko da berriro. Kalkuluen arabera, gastua erdira murriztu dezakegu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).