Putxerak beste eskualde batzuetan ohikoagoak badira ere, indabak gure gastronomiaren zati garrantzitsua dira. Hori dela-eta, eta zenbait herritan ekimenak eduki duen arrakasta ikusita, Loiuko Udalak Putxeren Nazioarteko Txapelketa antolatu du lehenengo aldiz. Txapelketa urtarrilaren 28an izango da eta, Josu Begoña kultura zinegotziak aipatu digun bezala, asko izan dira ekimenari buruz galdetu duten lagunak. Deiak Bizkai osotik ez ezik Kantabriatik eta Burgosetik ere jaso dira; horregatik jarri diote txapelketari “nazioarteko†adjektiboa.
Parte hartzaileek goizeko 9etatik 11ra arte eman ahalko dute izena, Herriko enparantzan. Izen emateak 10 euro balio izango du. Putxera prestatzeko, osagai hauek erabili ahalko dira: indaba gorria, saiheskia, odolostea, txorizoa, urdaia, behi-hegala eta azenarioa. Hala ere, ez da derrigorrezkoa izango aipatutako guztiak erabiltzea. Putxerak eguerdiko ordu batetik ordu bietara arte aurkeztu beharko dira Zabaloetxeko frontoian. Sariak arratsaldeko 5etan jakinaraziko dira frontoian bertan. Irabazleak 600 euro, txapela eta urrezko putxera jasoko ditu saritzat; bigarren lotzen denak, 400 euro eta zilarrezko putxera; hirugarrenak, 200 euro eta brontzezko putxera; laugarrenak, 150 euro; eta bosgarrenak, 100 euro. Horrezaz gainera, garaikurrak eta ardo eta txakolin kutxak banatuko dira seigarren postutik 20. postura bitartean gelditzen direnen artean. Ostean, erromeria egongo da Lotxo taldearen eskutik.