Atzo Putxeren Nazioarteko Txapelketa egin zen lehenengo aldiz Loiun. Oso eguraldi txarra izan zen, baina horrek ez zituen parte-hartzaileak kikildu, zeinak goiz-goizetan hasi baitziren gauzak-eta prestatzen. Euritik eta hotzetik babesteko, besteak beste jubilatuen etxeko eta elizako arkupetan hartu zituzten aterpea. Goizak aurrera egin ahala, indaba-usainak hartu zuen herria. Udala oso pozik dago txapelketak eduki duen arrakastarekin. Horrela, Josu Begoña kultura zinegotziak azaldu digun bezala, txapelketara 75 putxera aurkeztu ziren, eta Bizkaiko hainbat herritako lagunek hartu zuten parte bertan: Portugaletekoak, Santurtzikoak, Balmasedakoak, Zallakoak eta Gorlizekoak, batzuk aipatzearren. Gainera, Burgosetik etorritako lagunak ere aritu ziren txapelketan. Lehenengo saria Erandioko Gerardo Saizek irabazi zuen eta horri 600 euro, urrezko putxera eta txapela eman zizkioten golardotzat. Bigarrena Bakioko Javi Ormaetxeak eskuratu zuen, 400 euro eta zilarrezko putxera jaso zuena; eta hirugarrena, Bilboko Rikardo Irkok. Azken honi 200 euro eta brontzezko putxera eman zizkioten saritzat. Horrezaz gainera, garaikurrak eta ardo eta txakolin kutxak banatu ziren 20. postura arte sailkatu zirenen artean.
Usain goxoa herrian, eta indabak dastatu behar. Parte-hartzaileak eta lagunak herriko frontoian batu eta han bazkaldu zuten goizean prestatutakoa. Herri bazkarian 402 lagunek hartu zuten parte. Bazkalostea Lotxo taldeak girotu zuen.